'Arruntu' hitza izan da Bor-borrek antolatutako amatxi-aitatxien lehiaketako solasik politena

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 20a, 11:00

Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak 'Amatxi-aitatxien solasik politena' lehiaketa antolatu du, galbidean diren solasak eta erranairuak biltzeko asmoarekin. 285 hitz eta erranairu proposatu dituzte, eta 'arruntu' hitza izan da irabazlea

Ogiarekin saltsa biltzea edo platera ongi-ongi bukatzea erran nahi du arruntu hitzak, eta Zuhatz Oiartzabal Larralde lesakarrak eta Ane Bergara Artieda beratarrak aurkeztu dute lehiaketara.

Lehiaketaren irabazleak Bor-borrek Korrikan erositako kilometroan lekukoa eramateko aukera izanen du, eta bi irabazleen artean zozketa egin ondotik lesakarra izanen da Korrikako lekukoa eramanen duena.2.690. kilometroan erosia du kilometroa Bor-borrek, Lesakako herri sarreran, Biurrana auzoan.

Adin guztietako 135 bortziritarrek parte hartu dute lehiaketan, eta 285 hitz eta erranairu proposatu dituzte, Instagram, Facebook eta galdetegi bidez emandako erantzunetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun