'Poperra, Afterra, Utopia' ikuskizuna eta Rüdigerren kontzertua larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 20a, 08:00

Felix Buff musikariaren bakarkako proiektua da Rüdiger.

Musikaz gozatzeko aukera izanen da larunbatean Beran. Goizean, Danele Sarriugarte idazleak eta Miren Narbaiza 'Mice' musikariak 'Poperra, Afterra, Utopia' izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute, eta iluntzean, aldiz, Rüdigerren kontzertua izanen da. 

Goizeko emanaldia 13:00etan izanen da Beralandetan, eta Kataku elkarteak eta Goldatzek antolatu dute elkarlanean. Sarrera debalde izanen da.

Rüdigerren kontzertua, aldiz, 19:00etan izanen da Kultur Etxean. Sarrerak 10 euroko prezioa du eta dagoeneko erosi daiteke hemen. Egunean berean erosteko aukera ere izanen da.

2013tik Beran bizi den Felix Buff artistaren proiektu musikala da Rüdiger eta The Dancing King bere bigarren diskoa aurkeztuko du Kultur Etxean. Bertzeak bertze  Willis Drummond, Duncan Dhu, Petit Fantôme, Botibol, Rafel Berrio, Joseba Irazoki eta Lagunak edo Atom Rhumba bezalako taldeetan ibili da bateria jotzen Buff.

Covidak eragindako pandemiaren ondotik kaleratu zuen bere lehen lana, Before It's Vanished, bateria alde batera utzi eta ahots iluna azaleratuz. Bere bigarren lanean, hainbat lagunen kolaborazioak ere izan ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun