'Hil arte bizi' tailerra martxoaren 21ean aurkeztuko dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 19a, 09:00
Nere Erkiagak emanen du tailerra.

Herritarrek heriotzaren aurrean dituzten eskubideak ezagutzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko helburua du lau saio izanen dituen tailerrak

Hil arte bizi, heriotzaren aurrean ere gure era tailerrak antolatu ditu Lesakako udalak, «heriotzaren aurrean herritarrek dituzten eskubideak ezagutu eta baliabideak hartzen laguntzeko helburuarekin». Adin guztietako herritarrentzat irekiak dira tailerrak, baina ez dira doluan dauden pertsonentzat egokiak. Lesakako udalak egindako apustua da, «egungo gizartean heriotzaren gaia naturalizatu eta gai honen inguruan herritarrak ahalduntzeko asmoz». Tailerrari buruzko azalpen eta zehaztasunak emateko, martxoaren 21ean, ortzegunean 18:30ean aurkezpen solasaldia eginen dute udalaren erabilera anitzeko aretoan, Koskontako bidea 7ko bigarren solairuan.

Lau saio

Guztira lau saio izanen ditu tailerrak eta bertan «heriotzari buruzko gogoeta bultzatu eta hartzen ahal diren erabakiak ezagutzen lagunduko zaie, bizi garen gizartean heriotzaren aurrean erabakitzeko eskubideak eta aukerak ditugulako, eta hala ez egiteak kalteak ekartzen ahal dituelako. Heriotzari diogun beldurra zeharkatu daitekeelako eta heriotzaren inguruan naturaltasuna lortuz gero, hobe bizitzen ahal delako». Gaiak «modu errazean» landuko dira. Aurkezpen solasaldiaren ondotik lau tailer eginen dituzte euskaraz, apirilaren 11n, 18an eta 25ean eta maiatzaren 2an (ortzegunak 18:00etan).

Plaza mugatuak

Tailer hauetako plazak mugatuak izanen dira (hasierako hitzaldirako ez) eta izen-emate ordenaren arabera beteko dira. Lesakan erroldatutakoek lehentasuna izanen dute. Izena emateko epea martxoaren 21etik apirilaren 8ra izanen da, udal bulegoetan (15:00 arte) edo herriko etxera deituz (948 63 70 05). Nere Erkiaga da egitasmoaren sortzailea eta tailerra bideratuko duena. Tanatologian, parte-hartze dinamikan eta kultur transmisioan aditua da Erkiaga.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun