Sei kilometroko bueltan, Arantzako 23 eragileren eskuetatik pasatu zen Korrika nagusiko lekukoa: Zahar Txoko jubilatuen elkarteko eta jubilotekako lagunak, Pelle Ttiki haur txokoko ttikiak, Herri Kirol Taldeko gazteak, Mozorro Beltzak, DBHko ikasleak, trikitilariak, Haur Hezkuntzako ikasleak, Lehen Hezkuntzako ikasleak, Mikel Karrera Arantzako presoaren senideak, zerbitzuetako ordezkariak, Mozorro Zuriak, gazte asanbladako kideak, Ekaitza Elkarteko ordezkariak, makroproiektu eolikoen kontra lanean ari den Arantza Bizirik taldeko kideak, guraso elkarteko ordezkariak, dantzariak, talde feministako kideak, Bortzak Bat kooperatibako ordezkariak, irakurle taldekoak, Aterpeko lagunak, udal ordezkariak, KorrikArantza antolatu duen Uskarantza taldekoak eta mezua irakurri zutenak.
KorrikArantzako azken metroetan, lekukoa euskaldun berriek hartu zuten, Arantzan euskaraz bizitzeko apustua egin duten Gotzon Arenasek eta Ana Eliza Rodriguesek. Haiek izan ziren frontoira ailegatu eta mezua leitu zutenak. Hona hemen mezutik hartutako pasarte batzuk: «Ezin da ukatu aranztarrak berdintzen gaituena euskara eta euskararen arnasgune izaera dela. Gu harro gaude egunero euskaraz bizi garelakoz, harro euskarari bizirik kontzen diogulakoz, eta hori da era berean Euskal Herriari egiten diogun ekarpena (…) Euskara dugunok euskarari kontu egin behar diogu (…) eta euskararik ez duenari euskararen mundura ongietorria egin behar diogu (…) Gure inguruan euskara bizirik dugu, baina horrekin ez gaude salbu (…) Arnasgunea gara, baina lasaigunea ez. Gaur barrenean dugun harrotasun hau izan dadila motorra elkarlanean aitzinera segitzeko. Arantza zer? Uskaraz leher. Korrika zer? Uskaraz leher».
Mezua leitu ondotik, bertso bana bota zuten Kattin Madariagak eta Itziar Mitxelenak eta AEKko eta Korrikako lantaldea bertan zela, eskari bat luzatu zuten: «hemendik bi urtetara, eskatu nahi dugu hala, Arantzatik pasa dadila, Korrika ofiziala». Ondotik akordeoilari eta txistularien doinuan, Arantzako zortzikoa dantzatu zuen herritar kuadrilla ederrak eta luncharekin borobildu zuten hitzordua.