23. Korrika

'Bizkarsoro' filma ikusteko aukera izanen da ortziralean Arantzan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 13a, 08:00

Korrikaren bueltan, Bor-Bor Bortzirietako euskaltzaleen mugimenduak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta UEMAk Bizkarsoro filmaren emanaldiak antolatu dituzte Bortzirietan. Ortzirale honetan, adibidez, Arantzan ikusteko aukera izanen da. Euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia kontatzen du Josu Martinezen filmak.

Ortziralean, martxoaren 15ean, Arantzako liburutegian ikusteko aukera izanen da, 19:00etan, eta lantaldeko kidea den Manex Fuchs bertan izanen da.

Josu Martinezek zuzendutako fikziozko film luzea da Bizkarosoro. Bizkarsoro herria ez da existitzen, baina aldi berean, Euskal Herriko edozein herri izaten ahal da Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira, baina euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guziak dira bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitarte gertatzen diren bortz istoriok osatzen dute filma.

Bortzirietan herriz herri

Martxoaren 2an Etxalarren eman zuten, eta ortziralean Arantzan ikusgai izanen da. Igandean, berriz, Lesakan emanen dute eta martxoaren 22an Beran eta Igantzin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun