Arbola landaketa egin dute Beran Ricardo Barojako ikasleek, Berako Udalak eta Rural Kutxak sustatuta

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 12a, 11:00

Aurten ere Berako Udalak, Rural Kutxaren eta Ricardo Baroja ikastetxearen lankidetzarekin arbola landaketa egin du. Landaketa martxoaren 7an, ortzeguna egin zuten Intzolako parajean. Ricardo Barojako hirugarren zikloko 50 ikasle inguruk parte hartu zuten eta ikasle bakoitzak sekuoia landare bana landatu zuen. 

Landaketaren testuinguruan, Mikel Baztan jasangarritasun teknikaria eta gune berdeen diseinatzailea eskolan izan zen haurrekin lanean, ekintzaren ingurumeneko heziketaren partea zuzentzen.

Zuhaitzen eta oihanen munduan murgildu ziren ikasleak, beraien ezaugarriak eta funtzioak azalduz. Zuhaitz landaketaren garrantzian sakondu zuten, eta norbanakoek eta taldeek gai honetan ditugun ardurak aztertu zituzten. 

Azpimarratu behar da ikasleen jarrera, tresnak erabiltzeko ohitura eta trebetasuna eta haien inguruko zuhaitz mota aunitzen ezagupena, hiriko ikasleekin konparatuz.

Egun polita

Landaketarekin gustura gelditu ziren eragile eta parte hartzaile guztiak, egun ederra izan baitzen. Ikasleek oinez egin zuten Intzolarako joan-etorria, eguraldi ederrakin mendiez eta inguruneaz gozatuz. Landaketaren gunera Rural Kutxako ordezkariak, udaleko mendizaina, eta mendi zinegotzia ere hurbildu ziren. 

Berako Udalak urtero egiten ditu zuhaitz landaketak. Aurten, iaz bezala, Rural Kutxaren laguntza ekonomikoa hartuko du horiek egiteagatik, Nafarroako Gobernuko diru laguntzarekin batera.

Hurrengo urteetan ere lankidetza horrekin jarraitzeko asmoa du udalak, eta herriko ikastetxeekin landaketak egiten segituko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun