Herriko puntu ilunetan barna osatu zuten ibilbidea, Altzaten hasi, Legia, Kanttonberri, Eztegara Pasealekua eta Herriko Etxeko plaza lotuz. Jende aunitz bildu zen manifestazioan.
Bidea irekitzen aurkeztu berri duten Marrako Bortzirietako Neska Gazteak ibili ziren argi-zuziak eskuan eta burukoak soinean. Labiagako ikastolako txarangak alaitu zuen bidea eta jende aunitz bildu zen Gure bizitzekin negoziorik ez lelodun pankartaren atzean gibelean. Hainbat geldialdi egin zituzten bidean.
Manifestazioaren bukaera herriko etxeko plazan izan zen. Bertan, Marrako taldekoek hartu zuten hitza, eta salatu zuten «emakumeei* lan ez-ordaindua egitea inposatzen dietela, eta ondorioz, bertzeen bizitzak sostengatzeko ardura esleitzen zaiela». Gainera, salatu zuten zaintzaren sektore osoan «prekarizaziorako joera orokorra» dela.
Zaintza lanei buruz mintzatu ziren: «Zaintza lanak ez ditugu egiten horrela jaiotzen garelako, enpatia handia dugulako, zaintzarako joera naturala daukagulako. Emakumeak eta gizonak produzitzen dituen sistema honek zaintza lanak aitortzea eta soldatarik gabe, musutruk, egingo dituen subjektuak ere sortu behar ditu: bestela nork zainduko luke? Horregatik gara gure lagun mutilen eta mutil lagunen sostengu emozionala, ondotik, anaidiak haien artean eraikitzen dituzten bitartean, sozializazio eta heziketa patriarkala ezinbestekoa delako sistema patriarkala erreproduzitzeko».
Borrokarako hainbat motibo
Borrokarako dituzten arrazoiak aletu zituzten: «Antolaturik segitzen dugu, zaintza pribatizatzen jarraituz gero, denok zainduak izateko eskubiderik izanen ez dugulako eta pribatizazioak emakumeok* etxeetan egiten duten lana biderkatzea erran nahi duelako. Borrokan segitzen dugu, lan ez-ordainduaren aitortzarik izan ezean, ezinen delako zaintza ardura kolektibo modura banatu».
Marrako Bortzirietako Neska* Gazte Taldea zergatik sortu duten ere azaldu zuten: «Ezibertzekoa ikusi dugu gure gorputzak zapalkuntza aunitz zeharkatzen dituelako eta sistema zisheteropatriarkal indibidualista, lehiakora, arrazista, androzentrista eta hegemonikoa erreproduzitzeaz nazkatuta gaudelako».
Bukatzeko, egunerako espresuki sorturiko abestia kantatu zuten. Ondotik, Espidobaita elkartean emakumeen afaria egin zuten eta baita bingoa ere.
Manifestazioaren aitzinetik, burukoak egiteko tailerra eta brindisa egin zituzten arratsaldean, eta goizean, aldiz, elkarretaratzeak egin zituzten Toki Ona institutuan eta Herriko Etxeko Plazan.