[GUTUNA]: Gimeno jaunari eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuari, Landagain eskolako eta Irain eskolako jardunaldi jarraituaren aldeko familien partez

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 7a, 10:00

«Jardunaldi aldaketaren prozesuaren inguruan gertatutakoak sortutako haserrea, frustrazioa eta inpotentzia» adierazi nahi izan du gutun honetan Etxalarko eta Lesakako eskoletako familia talde batek. Denen izenean Amaia Agirre Etxeberriak eta Jasone Susperregi Arbelaitzek sinatu dute eta «bozketa justua eta demokratikoa» eskatu dute.

Idatzi honen bidez, jardunaldi aldaketaren prozesuaren inguruan gertatutakoak sortutako haserrea, frustrazioa eta inpotentzia adierazi nahi dugun guraso talde bat gara eta ondorio bezala, gure seme-alabak datozen lau ikasturteetan jardunaldi zatitua izatera eramanen dituena. Honen inguruan, zenbait adierazpen egin nahiko genituzke:

  1. Gure ezinegona ez da bertze familiek pentsatzen dutenaren kontra. Jardunaldi mota aukeratzea gai hagitz pertsonala da eta iritzi guztiak errespetagarriak dira. Gure haserrea prozesua manipulatua izan delako da.
  2. Bozketarako baldintzak, ilunak, injustuak eta ziurrenik gobernuak bere interesetara bideratuak izan dira. Zeintzuk dira hauek?
  3. Jardunaldi jarraituak aitzinera egiteko, erroldaren 3/5ek baiezkoa ematea beharrezkoa izan da. Zergatik portzentaje hau? Zergatik ez gehiengo sinplea? Zein arrazoi dago horren gibelean? Pedagogikorik ez behintzat.
  4. Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak, Gimenok, hitz eman zuen portzentaje injustu hauek aldatu eginen zituela, baina ez du bere hitza bete. Zerk eraman du hezkuntza eragileen gainetik errandakoa ez egitera eta gainera lau ikasturtetarako inposatzera? Berdin jokatuko luke bere seme-alabak izanen balira?
  5. Arautegiak ikastetxeei inpartzialtasuna eskatu die, hau da, ikastetxeek ezin zuten jardunaldi bakoitzari buruzko iritzirik eman eta horren gainean Hezkuntza departamentuak presioa sortu du. Baina… ez al dira irakasleak, egunero gure seme-alabekin egoten direnak, aproposenak jardunaldi batean bizitakoa eta bertzean bizitakoa transmititzeko? Akaso, norbaitek erabakitzen du zein tratamendu hartu bere konfiantzazko medikuarekin kontsultatu gabe?
  6. Etxalarko Landagain eskolan, 18 boto (% 35) izan dira jardunaldi zatituaren alde eta 34 (% 65) jarraituaren alde (ia bikoitza). Emaitzak erroldaren arabera baloratzea inposatu dutenez, bozkatu ez dutenak kontuan hartu dira eta jarraituaren aldeko botoen portzentajea % 58ra jaistea eragin du. Nola uler daiteke gehiengo handi baten nahia ez errespetatzea (bi botoren faltan) eta jardunaldi zatitura bueltatu behar izatea? Alderantziz gertatu izan balitz, zer gertatu ote litzateke?
  7. Lesakan, berriz, 112 erroldatuetatik 103k bozkatu zuten. 55 boto jarraituaren aldekoak izan ziren, 45 zatituaren alde eta 3 zuri. Boto emaileak kontuan hartu balira, Lesakan botoen % 53,4 jarraituaren aldekoa izanen litzateke. % 60 lortu beharreko baldintza jarri dutenez, ez dira ailegatu baina gehiengo sinplearekin aitzinera atera izanen litzateke.
  8. Denok daukagu bozkatzeko eskubidea eta ardura, beraz, emaitzetan parte hartu nahi duenak botoa eman dezala.
  9. Botoak % 60ra ez ailegatzean, zuzenean prozesua itxi egin dute eta Eskola Kontseilua, Organo Gorena izanik, ahotsik gabe utzi dute.
  10. Hezkuntza Sailak espero ez zituen emaitzak lortu ditu, izan ere, traba eta zailtasun guztien gainetik, Nafarroako familien gehiengoak (% 80 baino gehiago) jardunaldi jarraituaren aldeko hautua egin du. Gainerakoetatik, gehiengoak ere hori lortu izanen luke bozketa justu eta demokratiko bat izan balitz.
  11. Bozketen emaitzak ikusita, gobernuak zein ondorio atera behar du? Zer egin behar du honen aitzinean?
  12. Gure ustez, jardunaldi inposizio honek familien egunerokoan arazoak sortuko ditu; gure seme-alabekin egoteko denbora murriztuko da, haurren ongizatean eraginen du, eguneko bertze momentuei aurre egiteko presak sortuko dira, umeen denbora librearen eskuragarritasunean eraginen du, gurasoen kontziliazioan, etab.
  13. Gainera, prozesu honek familiengan sortu duen kalteaz gain, gainerako familiekin eta irakasleriarekin giro arraroa sortu du.

Badakigu Goliaten aitzinean garela baina injustizia hau indarrez salatzen segituko dugu gure seme-alabentzat hoberena dela sinesten dugulako eta gure eskoletako familien gehiengoak horrela bozkatu eta adierazi duelako.

BOZKETA JUSTU ETA DEMOKRATIKO BATEN ALDE! GURE HAURRENGATIK!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun