23. Korrika

KorrikArantzaren bueltan asteburu bete-betea izanen dute Arantzan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 7a, 07:00

2022ko Arantzako Korrika Ttikian hartutako irudia.

Larunbatean bi bakarrizketaz gozatzeko aukera izanen dute Arantzan, eta igande arratsaldean, KorrikArantza euskararen aldeko lasterketa eginen dute. Sei bat kilometroko ibilbidea prestatu dute herrian hasi eta Bordalarrea auzoan barna, eta bidean, herriko eragileen eta taldeen izenean, haurren, gazteen, helduen eta jubilatuen eskuetatik pasatuko da lekukoa.

Larunbatean bakarrizketak
  • 13:00etan bakarrizketa antolatu dute Aterpeko lagunek Aterpean: Antton Telleria, Iker Plazaola eta Asier K ariko dira.
  • 19:090etan bertze bakarrizketa bat izanen da eskolako gimnasioan: Erdaldun berrien kluba. Bortzirietako Korrika Batzordeak antolatu du.
Egun haundia igandean

Azken asteotan buru-belarri aritu dira igandeko hitzordua prestatzen aranztarrak, eta gaurgero, azken ukituak ematen ariko dira KorrikArantza behar bezala atera dadin. Korrika nagusiko furgonetak ere bertan izanen dira, haiek prestatzeko aitzakiarekin antolatua baita hitzordua.

17:30ean hasiko da, Aterpe paretik. Hortik abiatuta Bordalarrea auzora joanen da euskararen aldeko lasterketa, eta Bordalarrea osorik zeharkatuta, herrirako bidea hartuko du. Tarte horretan, hainbat herritarren eskutik eskura ibiliko da lekukoa: Zahar Txoko eta jubiloteka, Pelle Ttiki Haur eskola, herri kirol taldea, Mozorro Zuriak eta Beltzak, trikitilariak, eskolako lagunak, senideak, zerbitzuak, gazte asanblada, Ekaitza Elkartea, Arantza Bizirik, guraso elkartea, dantzariak, talde feminista, kooperatiba, irakurle taldea, Aterpe, udala, Uskarantza taldea...

Lasterketa bukatuta, plazan bilduko dira denak eta han ekitaldia eginen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun