Astelehenean irekiko dute Berako Mendi Maratoi Erdian eta Gazte Trailean izena emateko epea

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 8a, 11:00

Oier Ariznabarreta iazko gizonezkoen irabazlea helmugara ailegatzen.

Apirilaren 14an eginen dituzte aurten Berako Mendi Maratoi Erdia eta Gazte Trail lasterketa. Manttale Mendi Lasterketa Taldea antolaketan murgildua da, eta heldu den astelehenean, martxoaren 11n irekiko dute izena emateko aukera 15:00etan.

Mendi Maratoi Erdirako 525 dortsal paratuko dituzte eskuragarri 15:00etatik aitzinera esteka honetan, eta dortsalak agortzen ez badira, izen-ematea apirilaren 10ean itxiko dute. Inskripzioaren prezioa 33 eurokoa izanen da korrikalari federatuentzat eta 35 eurokoa federatu gabeentzat.

Berako Mendi Maratoi Erdia Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituan sartua dagoen proba da. Zirkuituak 22 proba ditu, eta Berakoa baliagarria izango da Nafarroako rankingerako. Zirkuituko lasterketa guztiak puntuatuko dituzte, eta ekainean eta abenduan sariak emango dituzte erregulartasuna saritzeko.

Gazte Trail probari dagokionez, izen ematea orri berean egin beharko da 7 euroren truke.

Edalontzirik ez hornidura postuetan

Berritasun gisa, aurten ez dute plastikozko edalontzirik emanen maratoi erdiko hornidura postuetan. Lasterketak hartzen duen inguru naturalean ahalik eta plastiko gutxien erabiltzeko, parte hartzaile bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du. Antolatzaileek azaldu dutenez, «mendiko lasterketetan gero eta ekimen iraunkorrago eta arduratsuagoen alde eginen dugu lan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun