Lesakako bosgarren Mendi Lasterketa igandean eginen dute

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 6a, 10:00

Joan den urteko Lesakako mendi lasterketan, Beti Gazteko Mikel Arriola Frainera igotzen.

14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen ohiko ibilbidea prestatu du aurten ere Beti Gaztek, Frainera eta Unanura igoz eta martxoaren 8ra arte eman daiteke izena. Proban laguntzeko deialdia ere egin du Lesakako elkarteak.

Beti Gazte elkarte antolatutako Lesakako Mendi Lasterketaren laugarren edizioa martxoaren 10ean eginen dute. Igandean 10:00etan abiatuko da 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen lasterketa nagusia plazatik eta Frain (455 metro) eta Unanue (650 metro) igo beharko dituzte berriz ere plazan helmugaratu baino lehen.

Egunean bertan proba aitzinera eramateko laguntzaileak behar dituela ere jakinarazi du Beti Gazte elkarteak, bertzeak bertze Bidegurutzetan chek-in egiteko, horniduran laguntzeko, helmugan eta irteeran egoteko eta nahi den guztian laguntzeko. Laguntzeko prest daudenak 626 11 81 23 telefonora idatzi behar dute (Argiñe).

Izena ematea martxoaren 8ra arte

Izena emateko epea martxoaren 8an bukatuko da, 20:00etan, www.kronoak.com webgunean eta soilik online egiteko aukera izanen da.

Izena eman dutenek dortsalak lasterketa bezperan hartzeko modua izanen dute, baita egunean berean ere. Izena ematearen prezioa 22 eurokoa izanen da, 19 eurokoa Beti Gazteko bazkideentzat,

Lasterketaren babesle egin nahi duen edonori ere deia egin nahi diote. «Norbait, edozein modutan, laguntzeko prest bada, gurekin harremanetan jartzea eskatzen diogu», jakinarazi du Beti Gaztek. Edozein iradokizun eta zalantza izanez gero ere beraiekin harremanetan jar daitezke mendia@betigazte.net helbide elektronikoan edo 626 11 81 23 telefonora deituta.

Joan den urteko laugarren edizioan 182 kirolarik parte hartu zuten eta kopuru hori gainditzea espero du aurten Beti Gaztek. Errekorrei dagokienez, Hondarribiko Joxe Amunarrizek egin zuen gizonezkoena 2019ko lehen edizioan (1.11.15) eta Txurregi taldeko Maria edizioan emakumeena iazko edizioan (1.26.52).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun