Zentral eolikoak eskualdean

Eolikoen mehatxuei erantzuteko asmoz, martxan da Hamaika proiektua

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 5a, 16:00

Bortzirietako eta Malerrekako mendietako poligono eolikoen mehatxuari erantzuteko asmoz sortua den Hamaika proiektu artistikoak hasi du bere bira. Joan den ortziralean, Beran egin zuen lehenbiziko geldialdia, bertzeak bertze, solasaldia eta erakusketa eginez. Ondoko hilabeteetan erakusketa Euskal Herri osora zabalduko dute.

Hamaika Etxalarren sortutako proiektua da, Haizeak Bizirik kolektiboaren diziplina anitzeko proiektu artistikoa. Irantzu Piquero ilustratzaileak eta editoreak sortu du, Eratsungo Jose Delicado diseinatzailearen laguntzarekin, eta helburu argia du: «Bortzirietako eta Malerrekako mendietako poligono eolikoen mehatxuari erantzutea».

Erakusketa

Ortziralean, Berako Kultur Etxean egin zuten Hamaika proiektuaren lehenbiziko hitzordua. Alde batetik, «euskal kulturaren panoramako ilustratzaile garrantzitsu batzuen ilustrazioak» ikusgai paratu zituzten erakusketan, «makroberriztagarrien aurkako mugimenduarekin elkartasunetik sortutakoak». Eta aldi berean, Euskal Herri osoko bizilagunen testigantzak azaleratu zituzten.

Honela kontatu du Piquerok: «Egunak eta gauak makroberriztagarri industrialen mehatxupean igarotzen dira. Basoak eta mendiak, larreak eta bideak suntsituko lituzketen 200 metroko turbinak. Lurzoru emankorra estaltzen duten fotovoltaikoen poligonoak. Zentzugabeak: gure lurraldea, herrialde aberatsagoentzat, energia kolonia bihurtzeko eraikiak. Energia bertzeentzat, dirua bertzeentzat, 'aurrerapena' bertzeentzat. Miseria eta suntsipena, hondamena guretzat. Gobernarien eta enpresen arteko ustelkeria. Atzerriko inbertsio funtsak, funts publikoetatik ateratako dirulaguntzak. Hego Globaleko bertze lurralde batzuetako lehengaien espoliazioaren luzatzea. Hori guztia, energia kolapsotik salbatzearen gezur handiaren izenean, energia fosilen 'zero isurketetara' ailegatuz. Baina horixe da kapitalismo berdearen fartsa honen gakoa: ikatzik eta petroliorik gabe makroberriztagarriak ezin dira ez eraiki, ez mantendu».

Hitzaldia

Bertzetik, Gatazketatik izenburupean solasaldia ere egin zuten eta Erreniega Salba Dezagun taldeko Joxian Jauregik, Haize Berriak taldeko Mikel Etxartek eta Sustrai Erakuntza fundazioko Pablo Lorentek hartu zuten hitza. Piqueroren hitzetan, «makroberriztagarrien kontrako erresistentziak dituen erronkei eta ikuspegiei buruzko panoramika egin zuten». Eta horrekin batera, «erabakitzeko gaitasunaren garrantziaz» aritu ziren, hau da, «erabakitzeko, kalitatezko informazioa izatearen beharraz». Gaineratu duenez, «inbertsio funts eta enpresa makroberriztagarrien ustelkeriak eta energia fosilen enpresekin dituzten aliantza estuak» ere aipatu zituzten. Gehiago ere erran du: «Proiektu hauek gelditzeko gakoa elkarlaguntza eta herriaren erresistentzia dira».

Etorkizunera begira, «hain beharrezkoa den paradigma aldaketari» buruz aritu zirela ere esplikatu du Piquerok: «desazkundea eta naturarekin lotura. Guk oinak lurrean sentitu eta ulertu behar dugu lotura hau, gazteenei eta gure etorkizuna diren neska-mutilei transmititzeko».

Bortzirietako herritarrekin batera, bertze plataforma batzuetako kideak ere bildu ziren ortziraleko saioan. Tartean, Sañu Bizirik, Ezkeltzu Bizirik, Endara Bizirik, Azkua Bizirik eta Malerreka Bizirik taldeetako kideak. Horrez gain, Beñat Etxokolonearen musikaz, Iñaki Sanchezen eskulturaz eta Karmele Martinen poesiaz gozatzeko aukera izan zen. Gisa berean, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete hizlariei, baita hurrengo baterako gonbita egin ere: «Berriz gurekin izatea espero dugu, gai aunitz tintontzian gelditu baitziren».

Erakusketari dagokionez, herri hauetara zabalduko dute ondoko hilabeteetan: Balmaseda (Bizkaia), Azpeitia (Gipuzkoa), Zubieta, Agurain (Araba), Gasteiz (Araba), Maeztu (Araba), Eratsun eta Antzuola (Gipuzkoa). Norbaitek bere herrian erakusketa zabaldu nahi badu eolikarikez@mailbox.org helbidera idazten ahal du. Piquerok oroitarazi nahi izan du, «proiektu hau makroberriztagarrien aurkako borrokan bertze tresna bat dela. Artea da bere propagandaren aurkako antidotorik onena. Jakintza partekatuak eta elkar laguntza, gure indarra».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun