Berako ikastetxeak, udalak, hezkuntza ez formaleko eragileak, guraso elkarteak eta herrigintzako eragileak protagonista izanen ditu elkarguneak. Behin elkargunea osatuta, berau sustatuko duen talde eragile bat egituratuko dute, Bera Herri Hezitzailea egitasmoan sakontzeko helburuarekin.
Bera Herri Hezitzailean eragin dezaketen eragile nagusiekin diagnosi partekatu bat egitea da asmoa: erronkak identifikatzea, lehentasunak adostea eta plangintza partekatu bat definitzea. Horretarako, Oinherri Herri Hezitzaileak sustatzeko elkarteak aholkularitza eta bidelaguntza emanen dizkio udalari.
Diagnosia egiteko hiru saio eginen dituzte, bakoitza bi ordutakoa. Lehenengoa, bihar, martxoaren 6an eginen dute. Beralandetan elkartuko dira 18:00etan eta bi orduz ariko dira bertan. Lehenengo saioaren helburua hasierako diagnosia egitea izanen da.
Bigarrena, apirilaren 10ean izanen da, asteazkena, eta hezkuntzatik herri estrategia aberasteko dauden aukerak aztertuko dituzte bertan.
Azken saioa, aldiz, maiatzaren 8an izanen da, asteazkena, eta helburua elkarguneari forma ematen izanen da maiztasuna, funtzionamendua eta bertzelakoak zehaztuz.