2006ko otsailean Andoaingo Musika Eskolak eskatuta, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak piano jotzaileen topaketa antolatu zuen. Deialdiaren arrakasta handia ikusita, irakasle talde batek hartu zuen ekitaldiaren lekukoa eta hamasei urtez Andoaingo Piano Jaialdia egin izan dute. Inguruko musika eskoletako pianisten bilgune izan da, baina bertze musika eskoletako ikasleek ere ongi hartu izan dute urtero deia.
Aurten berriz Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak hartu du lekukoa, eta Pianoaz gozatzen lelopean, lehenbiziko aldiz, hainbat udalerritan aldi berean, pianista gazteen jaialdia egin dute. Otsailaren 23tik 25era Gipuzkoan Legazpi, Bergara, Astigarraga, Azkoitia, Lezo eta Zarautzen, Bizkaian Durangon eta Araban Gasteizen egin zuten topaketa. 500 bat piano jotzaile bildu ziren, eta Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako piano jotzaile batzuek Lezoko Gezala Auditorioan egindako topaketan parte hartu zuten, Mari Jose Bergara irakaslearekin. Hauexek izan ziren parte hartu zutenak: Ane Irazoki, Noelia Rodrigez, Hegoa Irazoki, Loiara Sansinena, Jone Iturralde, Lucia Pajares, Maitane Capdequi, Naroa Mutuberria, Maitane Muthins, Urlei Sansinena, Mara Etxeberria, Oskia Iparragirre eta Jimmy O'Leary. Parte hartzeagatik diploma, zapia eta oparia hartu zituzten.