Bidasoaldeko arrantza elkarteak amuarrain eta izokin arrantza debekatzearen kontra agertu dira

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 1a, 13:30

Izokina Bidasoa ibaian goiti. Nafarroako Gobernuak hiru urtez arrantza debekatzeko proposamena egin du eta Bidasoaldeko arrantzaleak ez daude konforme. Argazkia: Alicia del Castillo

Nafarroako Gobernuak hiru urterako debekua proposatu du eta erantzun «globala» eskatu dute arrantzaleek

Baztango eta Bidasoko arrantza elkarteek (Baztango Ehiza eta Arrantza Elkartea, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak eta Nazas del Bidasoa izokin-arrantzaleen elkartea) adierazi dute ez daudela ados Nafarroako Gobernuak amuarraina eta izokina hiru urtez debekatzeko egin duen proposamenarekin.

Aspaldikoa den Bidasoako izokin-arrantzaren historiaren errepasoa eginez, arrantza elkarteek diote «inoiz ez da arrantza debekatu joan den urtera arte, nahiz eta zenbait hamarkada igaro diren gaur egungoa baino egoera okerragoan».

Nafarroako Gobernuaren informeak hiru urterako debekua proposatzen du eta horrekin ez daude ados arrantza elkarteak. Horren ordez, egoerari buelta emateko «erantzun globala» proposatzen dute arrantzale elkarteek, «arrantza debekua ez baita soluzioa, kudeaketaren, aldaketa klimatikoaren eta bertze zenbait faktoreren ondorioa baizik».

Honela, arrantza elkarteek, alde batetik, urtebeterako izokinaren arrantza debekatzea proposatu dute. Aldi berean, mugaz bertze aldeko arrantzaleek Hondarribia parean sareekin egiten duten arrantza debekatzea ere eskatu dute, baita espezie migratzaileak Bidasoan goiti eta beheiti ibiltzen diren garaietan zentral hidroelektriko guztiak gelditzea ere. Era berean, ‘Bidasoa lerroko’ amuarrainaren birpopulatzerako egiten zen lan eta jarduera guztiak berriz ere aktibatzean eskatu dute eta, azkenik, ubarroia eta lertxuna bezalako harraparien kontrola.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun