30 urteren ondotik Easo abesbatzak berriz ere kontzertua eskainiko du Igantzin

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 2a, 10:00

Easo abesbatzak 1993ko abenduan eskaini zuen emanaldia Igantziko elizan. Hogeita hamar urte beranduago berriz ere Igantzin izanen da, martxoaren 16an.

30 urteren ondotik Easo Abesbatzak kontzertua eskainiko du Igantzin bigarrenez. Martxoaren 16an izanen da, larunbatean 20:00etan. 1993ko abendu hartako gozamena oraindik ongi gogoan dute igantziarrek eta prest daude maila goreneko Donostiako abesbatzari behar bezalako harrera egiteko.

1940an sortua, Easo abesbatzak segidan utzi zuen agerian gerora lortuko zuen distira. Izan ere, hasiera-hasieran, Erresuma Batuan, Frantzian eta Italian antolatutako lau lehiaketa irabazi zituen. Ondotik dozenaka bidaia egin izan dituzte atzerrira: Paris, Munich, Brusela, Buenos Aires, Mexiko… euren bide arrakastatsuaren seinale. Gorka Miranda da abesbatzaren egungo zuzendaria.

Doako sarrera izanen da Igantziko emanaldian eta ongi etorriak izanen dira herriko nahiz inguruko herrietako musikazaleak. Igantziko Abesbatza izan zeneko kideek antolatu dute emanaldia, Herriko Etxeak eman dio nahitaezkoa duen babesa eta Biltoki Elkarteak egoitza eskainiz egin dio bere ekarpena ekitaldiari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun