Agerra Mendi taldeko kideak Goizuetara joanen dira martxoaren 17an

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 29a, 18:00

Agerra Mendi Taldeko hainbat kide Goizuetara egindako irteeran.

Agerra Mendi Taldearen urteroko irteera klasikoetako bat izaten da Goizuetara antolatzen duena. Aurten ere antolatu dute, eta martxoaren 17an, igandea, izanen da. Martxoaren 14a izanen da izena emateko azken eguna, eta ordainketa irteeraren egunean egin beharko da

Irteeran parte hartzeko hiru aukera izanen dira: Agerratik oinez abiatzea, Agiñatik oinez abiatzea edo Goizuetara autobusez joatea. 

Agerratik ateratzen direnek 07:00etan duten hitzordua elkartean, eta denera 29 kilometroko eta 1.150 metro positiboko ibilbidea osatu beharko dute, eta denera 7 ordu inguruko ibilbidea izanen dela aurreikusi dute. Agiñatik atera nahi dutenak, aldiz, 08:15ean elkartuko dira Agerrako elkartean eta bertatik Agiñara joanen dira autobusez. Ibilbidea autobusez egin nahi dutenek, aldiz, 11:00etan dute hitzordua Agerra Mendi Taldean. 

Goizuetan Oxeguarda jatetxean izanen dute otordua, eta gero denak elkarrekin itzuliko dira autobusez. Bazkaria eta autobusa egunean berean ordaindu beharko dira. 

Irteeran parte hartu nahi dutenek martxoaren 14a baino lehen eman beharko dute izena, eta hiru bide dituzte horretarako: agerramendi@gmail.com helbidera mezu bat idaztea, 647 29 61 04 zenbakira mezu bat bidaltzea edo Agerra Mendi Taldearen elkartean apuntatzea. 

Elkarteak ez du bere gain hartuko gerta daitekeen edozein istripuren ardura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun