'Bizkarsoro' pelikula emanen dute larunbatean Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 28a, 18:00

Bortz istorio erreal kontatzen ditu Bizkarsoro pelikulak. Irudian, pelikulako fotograma bat.

Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak antolatuta,  Bizkarsoro pelikula emanen dute Bortzirietako bortz herrietan. Lehenengo emanaldia Etxalarren izanen da, larunbatean.

Etxalarren larunbatean, martxoaren 2an emanen dute Pello Apezetxea Kultur Etxean 19:00etan. Pelikularen ondotik, bertako aktore Manex Fuchsekin solasaldia izanen da. 

Gainontzeko herrietan, aldiz, aitzinerago izanen dira emanaldiak.

  • Arantzan, martxoaren 15ean, ortziralea, 19:00etan Liburuegian.
  • Lesakan, martxoaren 17an, igandea, 18:30ean Harriondoan.
  • Beran, martxoaren 22an, ortziralea, 19:00etan Kultur Etxean.
  • Igantzin, martxoaren 22an, ortziralea, 19:00etan Baratzondon.

Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak antolatu ditu emanaldiak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin elkarlanean, eta sarrera debalde izanen da.

Sinopsia

Josu Martinez zinemagileak zuzendutako lehen fikziozko lana da Bizkarsoro eta Nafarroa Behereko fikziozko herri batean 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bortz istorio erreal kontatzen ditu. Bizkarsoro ez da existitzen, baina Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun