Zentral eolikoak eskualdean

'Hamaika' proiektuaren inaugurazioa eginen dute Beran ortziralean

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 28a, 13:00

Haizeak Bizirik taldeko Irantzu Piquerok egindako pagausoaren eta garrapoaren ilustrazioak.

Haizeak Bizirik taldeak  'Hamaika' diziplina anitzeko proiektuaren aurkezpena eginen du ortziralean, 18:00etan Berako Kultur Etxean. Lurraldearen birjabetze sinbolikoa bilatu nahi du proiektuak, eta solasaldia eta erakusketa ikusteko aukera izanen da.

Etxalarren sortutako proiektua da, Bortziriak eta Malerreka mehatxatzen dituzten makroproiektu eolikoen kontra. Etxalarko Haizeak Bizirik kolektiboak eman dio forma proiektuari, eta bertako kideez gain, Eratsungo José Delicado diseinatzaile grafikoa, Etxalarko Mikel Etxaniz ingurumen teknikaria, Eratsungo Consuelo Delgado editorea, eta makroberriztagarrien kontrako borrokan parte hartzen duten Bortzirietako, Malerrekako eta Euskal Herri osoko bertze herri plataformetako kideekin aritu dira lankidetzan.

Horrela definitu du proiektua Irantzu Piquero sortzaileak: «Hainbat makroproiektu eolikorekin mehatxatzen dituzten industria berriztagarrien jarduera kriminalari eta indarkeria administratiboari erantzuteko sortu dugu. Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako mapa osoan zehar zabaltzen dira proiektuak, beren zekenkeriarekin, hiltzeko eta suntsitzeko irrikarekin, txandakako politikarien konplizitatearekin, berdin dio zein alderditakoak». 

Hamaika proiektuaren Lurraren defentsan  erakusketa inauguratzearekin batera, topaketa ere antolatu du Haizeak Bizirikek. Bertan, Erreniega Salba Dezagun taldeko Joxian Jauregi, Haize Berriak taldeko Mikel Etxarte eta Sustrai Erakuntza fundazioko Pablo Lorente mintzatuko dira Gatazketatik izena paratu dioten solasaldian. Antolatzaileen hitzetan, «landa munduaren industrializazio bortitzaren mehatxuaren aurrean lurraldea defendatzeko borrokak dituen erronkak, ikuspegiak eta garaipenak aztertuko dituzte». Hiru kideak Nafarroa Energia Eraldatzen (NEE/TEN) plataforma herritarrean ere aritzen dira.

Horrez gain, Euskal Herria Bizirik taldeko kideak Azpeitian apirilaren 13an «makroberriztagarrien iruzurraren kontra» eginen duten manifestazioaz ere mintzatuko dira.

Erakusketa zabala

Lurraren defentsan erakusketa ibiltarian makroberriztagarrien aurkako borrokarekin elkartasuna adieraziz 11 euskal irudigilek parte hartu dute: Ainara Azpiazu Axpi, Aitor Espie, Antonio Cantero, Elisabeth Pérez Fernandez, Higinia Garay, Iban Illarramendi, Maite Mutuberria, Miren Asiain Lora, Raisa Álava eta Ruth Juan.

Malerrekako eta Bortzirietako artistek ere hartuko dute parte erakusketan;  Jokin Armanek eta Iñaki Sanchezek eskulturarekin, Beñat Etxekoloneak musikarekin eta Karmele Martinek poesiarekin.

Erakusketa berean bildu dituzte makroberriztagarrien mehatxuaren menpe dauden Euskal Herriko 11 familiaren testigantzak ere.

Erakusketarekin batera, Etxalarko Ediciones Anfibias argitaletxeak sortutako eolikoen kontrako 11 kartelen eta objektu liburu txiki baten aurkezpena ere izanen da. Bertan, zeruan bizi eta ibiltzen diren 11 hegaztiren erretratuak ageri dira, Bortzirietako eta Malerrekako kideen eta Sustraiko kideen testuekin batera.

Antolatzaileek bertara joateko deia egin dute «propagandaren aurkako antidotorik onena artea dela pentsatzen dugulako».

Beran inauguratu ondotik Euskal Herria zeharkatuko du erakusketak, eta bertzeak bertze Balmasedan, Azpeitian, Zubietan, Agurainen, Antzuolan, Eratsunen... ikusteko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun