Tokiko 19 irrati lizentzia berri eman ditu Nafarroako Gobernuak, horietatik bina Baztanen eta Lesakan hasteko

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 23a, 19:00
Nafarroako Gobernuak 2019an deitu zuen tokiko irrati digitalen lizentzien lehiaketa eta aste honetan eman ditu ezagutzera zein diren lehen 19 lizentzia horien onuradunak, Balorazio Mahaiak hartutako 45 proposamenen balorazioa argitaratu ondotik. Lizentzia horietako lau eskualderako dira: Baztanen bi irrati lizentzia eta Lesakan bertze bi. Zehazki, Abian Media SL enpresarentzat eta Naiz Irratiaren sustatzailea den Euskal Irrati Zerbitzua SL taldearentzat izanen dira Baztango eta Lesakako lau irrati lizentziak. 

Tokiko irrati digitalerako 45 proposamen hartu zituen Nafarroako Gobernuak, eta horietatik 19 banatuko ditu orain. Balorazio Mahaiak 26 lizentzia ematea proposatu bazuen ere, azkenean 19 lizentzia eman dituzte. SER kateak uko egin die proposatutako 4 lizentziei (Lizarra, Iruñea, Tafalla eta Tutera), eta Iruñeko Komunikabideak SA sozietateak Iruñerako egindako proposamena eta Dios los Cría kultura elkarteak Iruñerako eta Tuterarako egindako biak baztertu egin dituzte administrazio-dokumentuen eskaerari ez erantzuteagatik.

19 lizentzia dira, honako herri hauetan banatuko direnak

Iruñean (5 lizentzia), Altsasun (2), Baztanen (2), Lizarran (2), Larraunen (2), Lesakan (2), Tuteran (2), Zangozan (1) eta Tafallan (1). Ez zaio lizentziarik eman Izabako barrutirako aurkeztu zuten eskabide bakarrari, eskatutako gutieneko puntuazioa lortu ez duelako; eta ez da irrati eskaintza digitalik egonen Orbaitzetako barrutian, ez baita eskaerarik erregistratu.

Lizentzia gehien Abian Media SL enpresak lortu ditu, bederatzi barrutietan lizentzia eskuratu baitu. Ondotik, Euskal Irrati Zerbitzuak SL sozietatea dago, Naiz Irratiaren sustatzaile gipuzkoarra, 5 lizentziarekin (Altsasu, Baztan, Larraun, Lesaka eta Iruñea); Jesús Martín Moro kazetari asturiarrak, Lizarra, Iruñea eta Tuteran lizentzia bana eskuratu ditu; eta Onda Vascaren sustatzaile Eusko Media SL enpresak eta Atika Elkarteak Iruñerako lizentzia bana lortuko dituzte.

Sei hilabeteko epea dute emisioekin hasteko, baina justifikatuz gero epe hori luza daiteke

Behin Nafarroako Aldizkari Ofizialak lehiaketa ebazten duen Foru Agindua argitaratzen duenetik, lizentzia berrien onuradunek sei hilabeteko epea dute, justifikatuta luza daitekeena, emisioekin hasteko.

 

Nafarroa osorako eskaintzen diren sei irrati lizentzia berrietarako hamazazpi proposamen lehiatuko dira

Aldi berean, irrati digital autonomikoaren lehiaketak martxan segitzen du. Nafarroa osorako digitalean emititzeko aukera emanen duten lehen lizentziak eskuratzeko 17 proiektu daude lehian. Proposamen horiek hamabi sustatzailek aurkeztu dituzte, horietatik zortzi merkataritzako sozietateak, hiru kultur elkarteak eta pertsona fisiko bat.

Interesdun bakoitzak gehienez hiru proiektu aurkez zitzakeen. Hainbat eskaera aurkeztu dituzten enpresen artean daude Cadena SER eta Agrupación Radiofónica SA, bakoitza hiruna eskaerekin. Gainerako 6 entitateek (Abian Media SL, Euskal Irrati Zerbitzuak SL, Radio Nervión SL, Radio Popular SA - Cope, Uniprex SAU eta Radio Blanca SA) eskabide bana aurkeztu dute.

Eskaera aurkeztu duten hiru elkarteak Atika elkartea, Jainkoak Kumeak elkartea eta Itxaropen Berria elkartea dira, eskaera banarekin. Eta Jesús Martín Moro kazetari asturiarrak bi eskaera aurkeztu ditu modu partikularrean (bata orotariko irratirako eta bertzea formula misto-musikalerako).

Balorazio Mahaia urtarrilean hasi zen aztertu beharreko 17 proposamenak baloratzen. Azkenean, 80 puntutik puntuaziorik handiena lortzen duten seiak proposatuko ditu Balorazio Mahaiak lehian dauden sei lizentziak emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun