Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren barrenean, Eukalyptus antzezlana taularatuko dute otsailaren 25ean, igandean 18:00etan hasita, Lesakako Harriondoa kultur etxean. Sarrerak 5 eurotan eskura daitezke aitzinetik Lesakako udalaren webgunean edo kultur etxean bertan emanaldia baino lehen.
Eukalyptus proiektuari esker, Jon Ander Urresti bermeotar sortzaileak 2022ko Durangoko Azokaren Sormen Beka irabazi zuen. Matxalen de Pedrok eta Jon Ander Urrestik zuzendu dute lana, beraiek, Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak eta Beñat Urrutiak zortzi eskutara idatzitako testu batean oinarrituta, eta Urresti eta Urrutia bera arduratzen dira testuok agertoki gainean mamitzeaz, gorpuzteaz.
Urrestik azaldu duenez, antzezlan berri honen helburua eukaliptoaren errelatoa kontatzea izanen da, «zerbaitek esaten dit baduela zer esan gutaz. Azken finean gure paisaiaren parte da. Eta hau bilatzeko bide eta forma eszenikoa erabiliko da, antzerkitik eta dantzatik gertu kokatu nahi dudan poetika batean». Antzezlan berri honen protagonista, beraz, eukaliptoak izanen dira: «Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako».
Bermeotarraren ustez, «periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin».
Jon Ander Urresti (1992, Bermeo) Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan graduatua da eta hainbat antzerki-taldetan ibili da aktore lanetan. Tribiz, baserri galdue gradu amaierako lana antzezlan bihurtu zuen, eta bertan bere familiaren baserri eroriaren inguruko kontakizunak bildu zituen. Horman Poster kolektiboko kide da eta Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanarekin 2022ko Donostia Saria irabazi zuten.
- Testuak: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñat Urrutia.
- Zuzendaritza eta dramaturgia: Matxalen de Pedro eta Jon Ander Urresti.
- Interpreteak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.