Alaitz Rekondo Ferrero

«Jendartea aldatu den heinean aldatu da bertsolaritza ere»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 24a, 09:00

Bereziki gai jartzailetzan egindako lanagatik nabarmendu da Alaitz Rekondo Ferrero lesakarra.

Ikastolan bertsozaletu, eta 11 urte zituela hasi zen bertso eskolan Alaitz Rekondo Ferrero lesakarra. Geroztik, bertsolari hasieran eta gai jartzaile ondoko urteetan, ibilbide oparoa osatu du. Berea izan zen iazko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapeldunari txapela paratzeko ardura.

Hunkituta eta pozik paratu zion Alaitz Rekondo Ferrerok Julio Soto Ezkurdiari 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela. Une berezia izan zen, txapela paratzeko aukera emanez, Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lana eskertu baitzion Nafarroako Bertsozale Elkarteak Rekondori. Haurra zela hasi zen bertsotan, eta geroztik ibilbide oparoa osatu du, batez ere gai jartzaile gisa. Gainera, 2011tik 2023 hasiera arte Bertsozale Elkarteko lehendakaria ere izan da. Txapelketaren zurrunbiloa pasata, Lesakan elkartu da TTIPI-TTAPArekin egun hura oroitu eta bere bertso ibilbideaz solastatzeko.

Dagoeneko pasa dira aste batzuk Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaletik. Distantziatik nola oroitzen duzu finaleko arratsaldea?

Finala bi puskatan oroitzen dut. Bat, parte hartzaile eta gai jartzaile bezala. Baduzu ardura ttiki bat, ez zaude oholtzan, baina taldekidea zara, eta prestatu duzu zuk ere saio hori. Alde horretatik ardura pixka batekin bizitu nuen: gaiak ulertuko ote diren, ongi formulatu ote ditugun, asmatu ote dugun… Kezka horiekin. Bertze aldetik, txapel emaile bezala urduri bizi izan nuen, baina, hain polita izan zen, momentu hagitz hagitz hunkigarri bezala oroitzen dut.

Aspaldiko partez oholtzatik aparte bizi izan zenuen. Nola ikusten da final bat behetik?

2006tik Nafarroako final guztietan egon naiz oholtzan. Lehenengo aldia nuen behean, baina, lehenengo aldi berezia zen. Diferente ikusten da, baina ez dakit aurtengoa den urterik egokiena errateko nola bizitzen den behetik. Txapelketako bertze saioetan ere izan naiz eta antzeko bizi izan nuen.

Egiteko berezia izan zenuen bertan: txapeldunaren txapela jartzea. Nola bizitu zenuen Julio Sotori txapela paratu zenion momentua?

Hagitz, hagitz, hagitz hunkigarria izan zen, hagitz polita, hagitz goxoa. Lehenago ez nuen gehiegi pentsatu momentuan urduritzen nintzelako. Gero, momentuan natural atera ziren elkarri errandakoak eta elkarri emandako besarkadak eta muxuak. Ikusten da atzetik badagoela harreman bat urtetan elkartearen inguruan sortu duguna eta hagitz hagitz polita izan zen. 

Urte aunitzez egindako lana eskertu nahi izan dizu Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Nola hartu duzu aitortza?

Hasieran grazia egin zidan nire izena hor ateratzeak. Ni ere egon izan naiz txapelketako talde antolatzailean eta badakit nola adosten diren gauza horiek. Gero hasi nintzen ohartzen nik egindako lanaren aitortza bat zela txapela paratzea. Hunkitu nintzen eta eskertzen dute nire izena hor agertzea, badagoelako jende gehiago, baina kasu honetan aurten nirekin oroitu direlako eta eskertzekoa delako hori.

«Argi ikusi nuen lehia ez zela nire bertsotarako lekua»

Aunitzetan oholtzan ikusi izan zaitugu finaletan. Nola bizitzen da final bat gai jartzaile zarenean?

Hagitz sutsu bizitzen duzu. Badaude ikusten ez diren, baina, kontuan hartu behar diren eta zuk kontrolatu behar dituzun gauza aunitz. Gustatzen bazaizu gauza hagitz polita da aukera hori izatea. Egia da finean txapelketako edozein saio bezalako dela, baina, finalari ematen zaio pisu handiagoa, zerbait jokoan dagoelako. Baina, gustuko baduzu, gauza polita da.

Nafarroako txapelketan ez ezik, Bertsolari Txapelketa Nagusian ere aritu izan zara aurkezle, baita finaletan ere. Nola kudeatzen da tentsioa eta bertsolariekiko zaintza une horietan?

Nafarroakoaren gisan, baina dimentsio handiagoak ditu Euskal Herrikoak, eta zuk ere zeure burua gehiago estutzen duzu, aitzinean duzun jende kopurua ere handiagoa delako. Hala ere, antzeko kudeatzen da; zeure burua lasaitzen asmatuz, eta bertze guztia bertze txapelketetan bezala eginez.

Nola prestatzen da aurkezle bat horrelako final baterako?

Norberak ahal duena egiten du. Saioak egin ahala ikasten duzu lasaiago egoten oholtzan, eta gehiago kontrolatzen duzu hori. Nik jende aitzinean egin izan ditut gauzak: dantza dela, trikitixa dela, clown ikastaroak ere egin ditut… Nik uste dut horrek balio izan didala jende aitzinean lasaitasun hori mantentzeko. Egia da, hori landu beharko genukeen zerbait dela.

Horrelako saioetan lasai sumatu ohi zaituztegu gai jartzaileak. Zu nola egoten zara barrenetik?

Nik izaten ditut urduritasunak normalean oholtzara igo eta lehenengo protokoloko hitz horiek guztiak irakurri arte. Gaiak defendatzean edo horiek paratzean normalean lasai egoten naiz; gaiak taldean landu ditugu, ez egun bakar batean, aunitz landutakoak izaten dira eta hagitz barneratuak izaten ditugu eta segurtasuna baduzu horietan. Baina gure lanetik kanpo dauden guztiekin, protokoloekin eta urduriago egoten naiz.

Noiz eta nola hasi zinen bertsotan?

Bertso munduan ikastolan hasi nintzen. Bertan bertsolaritza ematen genuen, eta handik Bortzirietako Bertso Eskolara salto egin nuen 11 urterekin. Bertan gazteek egiten duten ibilbide hori egin nuen: eskolarteko bertso lehiaketak, gazte sariketak… Eta hori unibertsitatean hasi eta bat-bateko bertsolaritza utzi nuen arte. Gero gai jartzaile izateko saltoa eman nuen, eta geroztik horretan ari naiz.

«Oholtzan zeure burua lasaitzen asmatu behar duzu»

Nola oroitzen duzu bat-bateko bertsolaritza utzi eta bertze leku batean erosoago sentituko zinela pentsatu zenuen unea?

Bortzirietako Taldekako Txapelketan gerora ere parte hartu izan dut eta hor gustura egon izan naiz, baina gogoan dut nola Nafarroako txapelketan behin izena eman nuen eta hor garbi ikusi nuela lehia ez zela bertsotan aritzeko nire lekua eta ez nuela gustuko. Unibertsitatean hasi nintzen garai hartan, eta gauza bat eta bertze, utzi egin nuen bertsoa. Gero, itzultzeko gogoa piztu zitzaidan. Gai jartzaile taldean jendea behar zenez, bi aldiz pentsatu gabe joan nintzen bertara, izena eman eta gustatu izanen zitzaidan, oraindik hemen segitzen dudalako.

Burutan duzu nolakoa izan zen zure lehen plaza gai jartzaile gisa?

Ez dut burutan, baina badakit hemen eskualdean izan zela.

20 urte baino gehiago daramatzazu plazan zein txapelketan. Nola aldatu da bertsolaritza 20 urte hauetan?

Bertsolaritza aldatu da jendartearekin batera. Kantuan ari direnak eta gaiak paratzen ari direnak ere aldaketa horren parte dira eta norbera ere aldatu egiten da. Beraz, bai, aldatu da. Txapelketan adibidez uste dut pauso handiak eman direla gai batzuk tratatzeko maneran. Garai batean, arinago jartzen ziren, eta gaur egun gauzak bi aldiz pentsatzen ditugu, eta gibelean dauden eta aunitzetan ikusten ez diren zehar-lerro guzti horiek ere kontuan hartzen ditugu zerbait erran baino lehen.

Alaitz Rekondo Julio Sotori txapela paratzen. Josu Santesteban/NBE.

Nafarroaren kasuan ere lurraldean egon da aldaketa bat.

Lehen bertsolaritza lurraldearen iparraldea ginen, eta irla batzuk zeuden hor barna. Orain Iruñeak hartu du pisu bat, badira Iruñean bertsotan aritze diren bertsolariak. Sakanan ere orain arte pare bat ziren, eta orain gazteak ere sartu dira eta Leitzaldean ere badago jendea. Egia da gehienak Iruñetik gorakoak garela baina gai jartzaileetan eta epaileetan badugu Lizarrako jendea. Ikusten da hezkuntza arautuak eta helduen bertso eskolak bere fruitua eman dutela, eta jende hori horren bidez sortu dela.

Barren barrenetik ezagutzen duzu Bertsozale Elkartea. 2011tik 2023 hasierara arte izan zinen bertako lehendakari. Nola etorri zitzaizun horretarako aukera?

Manolo Arozenaren eskutik. Bera zen ordura arte lehendakari Nafarroako Bertsozale Elkartean eta nik banituen zuzendaritzan urte mordoxka bat eta nigan jarri zuen konfiantza eta ni proposatu ninduen lehendakari izateko. Horrela etorri zen proposamena eta nik, nola ez, baiezkoa eman nion.

Zein dira lehendakariaren ardurak?

Nafarroaren kasuan elkarte ttikia gara eta harremana etxekoa izaten da. Konfiantza erabatekoa da, bai lehendakariak langileengan daukana eta baita alderantziz dagoena ere. Lehendakariaren egitekoa aunitzetan Euskal Herri mailan egiten diren bileretan Nafarroako ordezkari izatea da, eta aldi berean Euskal Herritik Nafarroara ekartzea gaiak lantzeko. Egia da Nafarroaren kasuan langileek dagoeneko informazio aunitz badutela, beraiek ere horretan aritu direlako. Ordezkari bat behar zen eta ni izan naiz, baina hil ala biziko ardurarik Nafarroan ez zait tokatu, eta beti izan dut ondoan jendea laguntzeko eta aholkatzeko. Bertze herrialde batzuetan aditu dut badirela hagitz momentu kritikoak, baina elkarteen dimentsioa ere handiagoa da eta horrek ere eragina izanen du horretan. Nafarroan familia ttiki bat gara, eta niretzat erraza izan da Nafarroako lehendakari izatea.

«Lehendakaritzan beheititik goitirako bidea bidea bizi izan dut»

2008ko krisi ekonomikoaren ondotik hartu zenuen kargua, eta 2023an, Nafarroako bertsolaritzaren loraldi betean utzi zenuen.Aldaketa nabaritu duzu denbora horretan?

Bai, tokatu izan zaigu prentsaurrekoak ematea Hezkuntza Departamentuak dirulaguntzak kendu zituelako, adibidez. Denak ez dira garai errazak izan, eta elkartearen beheititik goitirako bidea ezagutu dut. Egoera aunitzez osasuntsuagoa da orain: bertsolari kopuruan, herrialdean hartzen dugu herri kopuruan, hezkuntza arautuko programan daude ikastetxe kopuruan… Ezagutu dut aldaketa hori hoberako.

Julio Sotori txapeldunaren txapela paratu aitzinetik, bertso bat kantatu zenuen, bidean izandako lagunei eskerrak emanez. Bertsolaritzak lagun aunitz eman dizkizu?

Bai, eta gainera bertsolaritzako arlo desberdinetako lagunak eman dizkit . Baditut pertsona batzuk barruan gordeak ditudanak erreferente izan direnak, tokatu zaidalako beraiekin une garrantzitsuak bizitzea. Eta horien barrenean gai jartzaile bezala egin ditudan urte horietan ere jende aunitz ezagutu dut, jende aunitzekin lan egin dut eta horiek ere badira nire bidearen parte.

Gaur egun nola ikusten duzu bertsolaritzaren egoera Nafarroan?

Uste dut osasuntsu dagoela, mugimendua badago, jende berria badago. Egia da badagoela gazte edo nerabe tarte bat nahiko eskas dagoena, eta asmatu beharko dela hori indartzeko zer lanketa egin. Heldu garen tokitik ikusten badugu, uste dut osasuntsu dagoela eta momentuz ez duela ematen deskalabru handirik gertatzen ahal denik,

Eta Euskal Herriko egoera?

Bertsogintza bada indarra duen disziplina bat; agenda begiratzen baduzu bertsolaritza hor egoten da. Horren bueltan zenbat bertsolari aritzen diren, denek baduten kantatzeko aukera… Hori ez dut aztertu, baina, bertzela uste dut ongi dabilela.

«Bertsolaritza osasuntsu dagoela uste dut Euskal Herrian»

Plazan ere aritzen zara gai jartzaile gisa. Hor ere aldatu da gaitegia eta plazaratzeko modua?

Bai, txapelketan bezala, gauza bera gertatu da. Orain zerbait idatzi behar duzunean edo mahai gainera atera, pentsatzen duzu nola idatzi, zer kontuan hartu, horretan aldatu da.

Kritika egiteko modua aldatu da?

Nik uste dut kritika beti egon dela, eta gaur ere badela, eta izanen dela gerora ere. Egia da gaur egunean sare sozialak hor ditugula eta bide hori erabiliz jendeak batzuetan kritika errazago egiten duela; izengoiti bat erabiltzen baduzu eta nor zaren erraten ez baduzu… Bertzela, badaude kritika eraikitzaileak egiten dituztenak ere; dena ez da txarra.

Hemendik aitzinera zer asmo duzu? Non ikusiko zaitugu?

Mundu horretan segitzeko asmoa badaukat. Duela gutti izan dut plazako saio bat, abenduan izan nuen bertze bat...Bertsolaritza ez da txapelketa bakarrik, bertsoak baditu adar gehiago eta hor segitzeko asmotan nago. Ikusiko dugu zer ekartzen duen bideak eta zer bidegurutze hartuko dugun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun