«Aspaldian gure zerbitzuak prebentzio, informazio eta sentsibilizazio hitzaldi edo tailerrak antolatzen ari da bortz herrietan. Gai desberdinak, teknikari espezializatuekin, ahal den neurrian euskaldunak lehenetsiz eta taldeko parte-hartze eta hausnarketak sustatuz. Sinisten baitugu prebentzio kolektiboa egiten dugun heinean jendarte aberatsago bat, zaintzaileago bat eta zainduago bat garatzen lagunduko dugula», jakinarazi du mankomunitateak.
Zuzeneko espazio kolektiboak sustatzeaz gain, azken urteotan online bidezko lanketak egiten hasiak dira, «aunitzetan gure kontziliazio zailtasunengatik, distantziagatik, ordutegiengatik,… zail egiten zaigulako jendarte kopuru handixeagoetara iristea eta beraz, sare sozialek eskaintzen diguten berehalakotasuna, eskuragarritasuna eta zabalkundea aprobetxatzen ditugu gure mezu edo edukiak zabaltzeko». Gogoratu behar da Gizarte Zerbitzua Facebooken eta Instagramen egoteaz gain bere web gunea ere baduela: www.bortziriakgz.eus.
Online espazioak indartze aldera, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen web gunea hurrengo aste eta hilabeteetan eduki berriekin osatzeko konpromisoa hartu du mankomunitateak, «eta orain arte era fisikoan eskaintzen genituen tailerrak aurten online bidezko eskaintzarekin osatuko ditugula».
Online tailer hauek 90 minutuko iraupena izanen dute eta gurasoei kezka, interesa edo beharra sortarazten dieten gaien ingurukoak izanen dira; beti ere, beraien gurasotasuna aberastu, osatu, desikasi eta egokitze aldera bideratuak.
Gurasoentzako on-line saioetan parte hartzeko prozedura hauxe izanen da: behin eguna, ordua eta edukiak antolatuak dituztenean, dibulgazioa eginen duten ohiko komunikazio bideetatik eta kartelean izen-emate lotura bat agertuko da. Bertan klik egin eta hamar laguneko gutxieneko kopurua lortzen bada tailerra eginen da. Parte-hartzailearentzat doakoa izanen da, Espainiako Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta Agenda 2023 ministerioak finantzatutako egitasmoa delako. Parte- hartzaileek egin beharrekoa tailerra Zoom plataforma bidez jarraitzea izanen da eta ondorengo ebaluazio fitxa betetzea.
Mankomunitateak aipatu duenez, «nahi genuke abiatzen dugun lanketa bide berri honekin zuen gurasotasunaren osagarri izan eta ahalegin horretan gure eguneroko lanean segituko dugu».