Irujo kontseilariaz gain, Iñigo Arruti (Enpresa Sustapena), Uxue Itoiz (Energia, I+G+b enpresariala eta Ekintzailetza) eta Pablo Ezkurrak (Merkataritza eta Kontsumoa) hartu zuten hitza topaketan, eta Geroa Baik kontatu duenez, «lauren artean eskualdean I+G+b alorrean egin beharreko inbertsioei buruz aritu ziren, berrikuntzan, energian eta ekintzailetzan aurreikusitakoak ere jorratu zituzten, edota hurbileko merkataritzak aurre egin beharreko erronkak, bertzeak bertze».
Enpresa sustapena
Oharrean bildu dutenez, Enpresa Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez eskualdeko enpresetara bideratu dituzten dirulaguntzak aipatu zituzten. «100.000 euro baino gehiagoko laguntza ttikiak bideratu dira Lesaka, Bera, Arantza, Irurita, Doneztebe eta Lekarozko enpresetara». Gaineratu dutenez, «sormen industrian, mekatronika sektorean, nekazaritzako elikagaiekin, osasungintzan, eraikuntzan, industria digitalean eta automozioan» ari diren enpresak dira dirulaguntza hartu dutenak.
Energia
Energia Zuzendaritza Nagusiaren «hainbat dirulaguntza deialdi» ere ageri dira Geroa Bairen oharrean, eta horien artean, «Donamariako, Lesakako eta Berako udalei emandako dirulaguntzak» daude, «trantsizio energetikoko proiektuak eta argiztapenaren zaharberritzea egiteko».
Birkarga puntuak
Mikel Irujo kontseilariak Oronozen, Bertizen, Elizondon eta Lekarozen birkarga puntuak paratu dituztela ere oroitarazi zuen. «Aerotermia proiektuak martxan jarri direla» ere nabarmendu zuen, baita «bateria bidezko autokontsumo instalazioak, biomasa instalazioak eta birkarga puntuak» ere; «proiektu horiek guztiek eskualdean 1.200.000 euroko zenbatekoa utzi dute».
Merkataritza
Oharrean ageri denez, «eskualdean merkataritza ttikiari bulkada emateko planak» ere azaldu zituzten Lesakako agerraldian, baita «eskualdean industrialdeak handitzeko aukera ere, Lesakako industrialdean etorkizunean egin daitezkeen neurriak baztertu gabe».
Merkataritzari lotuta, Merkataritza Zuzendaritza Nagusia Denok Bat Merkataritza eta Zerbitzu Federazioarekin elkarlanean ari dela aipatu zuten. Irujoren hitzetan, «Denok Bat ekosistema digitala salmenta tradizionalaren osagarri izateko eta sendotzeko diseinaturik dago, landa eta hiri esparruetan merkataritza jarduera finkatzeko helburuarekin tresna digitalak erabiliz». Bide horretan, Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak eta Denok bat federazioak «merkataritza bulkatzeko» Bera, Lesaka, Doneztebe, Baztan, Arrotxapea eta Sakana eskualdeetarako aurkeztu duten proiektuaz aritu ziren. Proiektua Nafarroako Gobernuak finantzatu duela oroitarazi zuten: «2023ko Funts Teknologikotik 87.175 euroko laguntza erabili da».