[GUTUNA]: Aio eta mila esker

Ttipi-Ttapa 2024ko otsailaren 20a

Laster Beran bi denda hetsiko dituztela eta, kezkatua mintzo da Koro Irazoki Arburua iritzi artikulu honetan. «Denok galduko dugula» dio, eta «arazoa orokorra» dela gaineratu du. Ez hori bakarrik: «Herriko dendei lehentasuna emateko» eskatu du.

Laster bi denda hetsiko dituzte Beran. Fabore ederra egiten duten denda horietakoak dira: Altzate karrikan oinetakoak erosi ahal izatea luxu bat da; eta Kanttonberri karrikan «denetarik dagoen» denda horietako bat eskura izatea arras praktikoa da. Baina laster horiek gabe geldituko gara.

Eta denok galduko dugu: dendako langileek bertze lan bat bilatzen hasi beharko dutelako, eta gainetakook, herrian berean eta kotxerik hartu gabe erosketak egin ahal izatea.

TTIPI-TTAPAn berriki ezagutu dugu Areson zegoen denda bakarra hetsi dutela. TTIPI-TTAPAko kolaborazio batean ere afera beraz aritu zen Markel Adin. Arazoa orokorra da.

Eta guk nola laguntzen ahal dugu? Hori denok dakigu, gure eskuetan dagoen bakarra eginez: herriko dendei lehentasuna emanez.

Momentu honetan Oinatz eta Aranen dendei: aio eta mila esker. Eta orokorrean herrietako dendetako nagusiei: animo aunitz, eta mila esker hain hurbil egoteagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun