Lesakako Beti Gazte elkartearen 2024ko Ohiko Batzarraldi Orokorra egin zuten pasa den otsailaren 17an, larunbat arratsaldean. 34 bazkide bertaratu ziren eta bilerarako aurreikusitako puntu guztiak aho batez onartu zituzten. Tartean, 2024rako aurreikusitako ekitaldiak onartu zituzten, baita horiek aitzinera eramateko 231.760 euroko aurrekontua ere.
Horrez gain, bazkideen kuotak eguneratzea proposatu zen eta hau ere onartu zen. Horrela, 2025ean bi euroko igoera izanen dituzte bazkideen kuotek, elkarteak sustatzen dituen kultur eta kirol ekitaldiak ziurtatzeko. Horrela geldituko dira prezioak: jubilatuek 19 euro, helduek 29 euro, jubenilek 22 euro eta infantilek 16 euro. Zortzi urtetik beheitikoentzat doan izanen da, orain arte bezala.