Agenda betearekin segitzen dute pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 19a, 14:30

Iragarri bezala, otsaileko elkarretaratzea Beran egin dute gaur Baztan-Bidasoko pentsiodunek. 26 lagun bildu dira eguerdian Toki Onako aparkalekuan egindako hitzorduan. Bertzeak bertze, Orain 1.080 herri ekimenaren mozioak onartu dituzten eskualdeko udalei eskerrak eman nahi izan dizkiete, eta horrekin batera, Palestinari elkartasuna adierazteko egitekoa den jardunaldian parte hartuko dutela iragarri dute.

Orain 1.080

Orain 1.080 herri ekimenaren izenean, Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduak mozioak aurkeztu zituen Berako, Lesakako, Sunbillako, Baztango eta Doneztebeko udaletan. Gaur eguerdian egindako elkarretaratzean jakinarazi dutenez, Donezteben izan ezik, gainerako guztietan aho batez onartu dituzte mozioak eta guztiei eman nahi izan dizkiete eskerrak. Donezteben, berriz, otsailaren 26an egitekoa dute osoko bilkura, eta haiei ere «aitzinetik eskerrak» eman nahi izan dizkiete, «mozioak onartuz, aldarrikapenek indar handiagoa izaten laguntzen baitute».

Iruñean bihar egitekoa duten osoko bilkurara begira ere jarri dira Baztan-Bidasoko pentsiodunak. 12:00etan egitekoa dute eta «ordu horretan elkarretaratzea eginen dute udaletxeko plazan». Ez da Nafarroako mobilizazio bakarra izanen: «Otsailaren 29an manifestazioa eginen da Iruñean, udaletxetik 11:00etan hasita». 2024ko aurrekontuetan guttiengo pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatuko dute: «Horrek 50.949 pentsiodunei eraginen lieke, eta horietatik % 66 emakumeak dira».

Osasuna eta Bertsopentsiotan jaialdia

Osasun zaintzari dagokionez, «kalitatezko osasun publikoaren alde» EAEn egindako mobilizazioak ere ekarri dituzte gogora, eta martxoaren 12an ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek greba eguna iragarri dutela oroitarazi dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek.

Gainerakoan, martxoaren 1ean Tolosan Bertsopentsiotan jaialdia izanen dute, eta egun horretan, aldarrikapenek eta ospakizunak hartuko dute tokia: «Pentsioen gaiarekin pentsiodunen arteko bertso lehiaketa antolatu dute eta egun horretan jakinen da nortzuk diren sarituak. Sarituen agurrekin batera, jai giroan joanen da eguna, bazkari eta guzti. Oraindik garaiz gaude jaialdian parte hartzeko».

Palestinari elkartasuna

«Israel Palestinan egiten ari den genozidioa» ere gaitzetsi dute gaur pentsiodunek, «Israel egiten ari dena onartezina» dela salatuz. Gehiago ere erran dute: «Benetan amorrua ematen duena da mundu mailako zenbait potentzia nola ari diren negozioa egiten palestinarren erailketa eta sufrimenduaren baitan». Horrekin lotuta, martxoaren 2an Palestinari elkartasuna adierazteko jardunaldia egitekoa da hainbat tokitan, bi orduko elkarretaratze kolektiboak eginez. Bada Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimendua han izanen da, «20 minutuko tartea betez. Egiten den guztia eskas izaten bada ere, goazen Palestina askea aldarrikatzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun