Haur eskolen «etengabeko borroka»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 18a, 08:00
Baztan Haur Eskolako haur bat animaliekin jostetan. Argazkia: Baztan Haur Eskola

Nafarroako Gobernuak 0-3 urtekoen zikloa debalde izanen dela iragarri ondotik, Baztango, Berako eta Lesakako haur eskoletan zuhurtziaz hartu dute berria. Poztekoa iruditzen zaie familien mesederako izanen delako, baina izaten ahal dituen ondorioez ohartarazi nahi izan dute.

Heldu den ikasturtetik aitzinera 0-3 urtekoen zikloa familia guztientzat debalde izanen dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak hala iragarria zuen lehenagotik eta hori berretsi du urte hasieran. Berriak, ordea, «sorpresa» eragin du sektoreko langile aunitzen artean. Eskualdeko haur eskoletara jo du TTIPI-TTAPAk iritzi eske, eta Baztango, Berako eta Lesakako haur eskoletako ordezkariek erantzun diote deiari. Neurri batean, kontent, baina aldi berean, zuhurtziaz hartu dute. Ratio maximoetara ailegatu eta zerbitzuaren kalitatea okertzeko arriskuaz ohartarazi dute, baita denentzat ez dela tokirik izanen ere. Debalde bai, baina lehentasuna ratioak jaistea dela nabarmendu dute. 

Doakoa ≠ unibertsala

«Harridura» izan da Kristina Goñi Etxenike Baztan Haur Eskolako kideak gaiaz galdetuta aipatu duen lehenbiziko hitza, eta segidan argitu du «prentsaren bidez» jakin dutela. Lesakako Magala Haur Eskolako Ana Maeztu Villanueva eta Jaione Aginagalde Ugaldek berria «sorpresaz eta tentuz» hartu dutela onartu dute, eta Berako Mukixu Haur Eskolako Anabel Arburua Olagaraik, alde batetik, «positibotzat» jo du, baina bertzetik, «Nafarroako Gobernuak maiz aipatzen duen doako zerbitzu eta unibertsalari» ñabardura bat gehitu nahi izan dio: «Gauza bat da doakotasuna, hau da, zerbitzua erabiltzen duten familiek dohainik izatea, eta bertzea unibertsaltasuna, nahi duten guztiek erabili ahal izateko plaza nahikoa izatea». Eta hori da, hain zuzen, «berri honen alde iluna» Goñiren arabera:  «Alde batetik, familiak kontent egonen dira, baina bertzetik, ez da denendako tokirik izanen». Toki eta arreta falta aipatu dituzte.  «Doakotasunaren ondorioz, matrikulazioaren igoera aurreikusi dugu eta haur eskolan ratio maximoak izatean, ematen dugun arreta urriagoa izanen da eta haurren ongizatean eragina izanen du», aipatu dute Magalakoek. Honela gaineratu du Arburuak: «Haur eskola gehiago eraiki behar dira».

«Gauza bat da doakotasuna eta bertzea unibertsaltasuna»

Anabel ARBURUA, Berako Mukixu Haur Eskola

Horri lotuta bada kezka sortzen dien bertze kontu bat. Goñik kontatu du: «Doakotasunarekin ez da denendako plaza publikorik izanen eta 0-3 Plataforman uste dugu horri erantzuteko hiru aukera dituela esku artean gobernuak: Lehenbizikoa haur eskola gehiago eraikitzea, baina denboragatik eta diruagatik zaila ikusten dugu; bigarrena pribatuak kontzertatzea, batez ere herri handietan. Eta hirugarrena bi urteko gelak sortzea. Jaiotze tasaren jaitsiera handia dagoela eta, eurendako irtenbide errazena izanen litzateke, baina erokeria iruditzen zaigu».

Lehentasuna: ratioak

Hezkuntza Departamentua 2021-2022 ikasturtean hasi zen neurriak hartzen, errenta apaleneko familientzat haur eskola publikoak dohainik utziz. Azken hiru ikasturteetan udal eskolen kudeaketa finantzatzeko esleitutako kopurua handitu du. Neurri horiek begi onez hartu dituzte lau hezitzaileek, «berri ona da eta edozein pauso ematea positiboa da».

«Hasieratik gure aldarria ratioen jaitsiera izan da»

«Doakotasunarena estrategia politikoa da»

Kristina GOÑI, Baztan Haur Eskola

Doakotasuna bera 0-3 plataformaren eskarietako bat izan da, baina kasu honetan, Arburuaren ustez, «beraien lehentasuna izan da. Haurrak artatzeko ditugun arazoak konpondu gabe, eta doakotasunari eman diote lehentasuna, eta ez zerbitzuaren kalitateari».  Maeztuk eta Aginagaldek «doakotasuna bertze aldarrikapen batzuekin batera egin beharrekoa» dela berretsi dute eta Goñiri «oinarrizko eskaerak alde batera utzi dituztela» iruditzen zaio. Guztiek argi utzi dute «lehentasunik handiena ratioen aferak» duela, «hasieratik gure oinarrizko aldarria izan da». Hala, Nafarroako Gobernuak zerbitzua debalde paratzeko erabakia hartzea «estrategia politikoa» da Baztan Haur eskolakoaren hitzetan: «Doakotasunak azken keinua izan behar zuen. Etxea teilatutik hasi dute».

Berako Mukixu Haur Eskolako bi haur kanpoko espazioan jostetan. Argazkia: Mukixu Haur Eskola

Mobilizazioak

Haur eskoletako kideek urteak daramatzate 0-3 zikloaren duintasuna eskatuz. «Gurea etengabeko borroka da», dio Goñik. 2022a urte mugitua izan zuten, mobilizazio handiak eta jendetsuak egin zituzten: elkarretaratzeak, itxialdiak, manifestazioak, bilerak euren artean eta alderdi politikoekin, batzarrak, greba mugagabea... Eta 2023an ratio duinak lortzeko borrokan zentratu ziren. Egindako lana «hagitz positiboa» eta  aldi berean «hagitz gogorra» izan zela onartu dute.  «Esfortzu eta dedikazio handia eskatu zuen, baina bere alde onak izan zituen, hainbat balio erakutsi genituelako: elkartasuna haur eskolen artean, ausardia, sormena hainbat ekitaldi prestatzeko eta egiteko, izugarrizko antolaketa Nafarroako haur eskolak mugiarazteko, ilusioa, borondatea, indarra, kemena, nekea... Ikasketa ederra izan zen eta da», esplikatu du Baztangoak.

Bide beretik, «Nafarroa osoko haur eskoletako langileak biltzea eta mugimendu bateratuan aritzea izugarri positibotzat» jo du Arburuak: «Elkar ezagutzeko eta laguntzeko aukera eman zigun, bakoitza bere eskolan bakarrik ez sentitzeko, eta arazo partekatuak direla ulertzeko. Eta frogatu dugu, elkartuta, gauzak lortzen ahal direla». Gehiago ere bai: «Gainean ez bagaude, ez dago aldaketarik, horregatik, nekagarria bada ere, hor egon behar dugu».

«Ez dugu atzendu behar lortu dugun guti hori mobilizazio hori esker lortua dela eta oraindik aunitz gelditzen zaigula»

Ana MAEZTU eta Jaione AGINAGALDE, Lesakako Magala Haur Eskola

Magalakoek ere borrokan segitzeko beharra azaleratu dute: «Ez dugu atzendu behar lortu dugun guti hori mobilizazioei esker lortua dela eta oraindik aunitz gelditzen zaigula haurtzaroaren eskubideen alde borrokatzeko. Mobilizazio eta grebari esker politikarien agendatan egotea lortu genuen, baita gizartearen begirada 0 eta 3 urte bitarteko haurrengana zuzentzea ere. Aldi berean, gobernuak pauso batzuk aitzinera emateko bidea hasi zuen».

Pauso horietako bat izan zen 2022ko irailean PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal dugu eta Ezkerra alderdiek sinatutako akordioa. Hiru puntu bildu zituzten akordioan: Europako ratioetara hurbiltzea, soldatak Nafarroako Gobernuko langileekin parekatzea eta haur eskolen kudeaketa amankomuna lortzea. Gaur egun, akordio hori betearaztea dute erronka. 

Ratioen jaitsiera

Akordioko puntuetako bat Europak gomendatutako ratioetara hurbiltzea izan zen, hau da, 0-1 urteko zortzi haur bi heldurekin izatea –orain bakarra da–,  1-2 urteko hamabi haur bi heldurekin –orain bakarra– eta 2-3 urteko hamasei haur bi heldurekin –orain bakarra–. 

Ereindako hazitik, aldaketak sumatu dituzte eskola batzuetan, hala nola, Baztanen eta Beran. Ez, ordea, Lesakan. Horregatik uste dute «laguntza horiek ez direla nahikoak kalitatezko zaintza izateko. Europako ratioetara ailegatzeko behar den laguntzaren % 20 bakarrik eman dute momentuz, eta eskola ttikien kasuan deus ere ez», salatu dute Magalakoek».

«Laguntza horiek ez dira nahikoak kalitatezko zaintza izateko»

Ana MAEZTU eta Jaione AGINAGALDE, Lesakako Magala Haur Eskola

Izan ere, «laguntzarako hezitzaile bat izateko eskatzen duten haur kopurua 21ekoa da, eta guk momentuz ez dugu haur kopuru hori. Lesakan zerbait aldatu baldin bada, orain familiekin gure egoerari buruz aunitzez garbiago solastatzen garela da, eta ondorioz, hobekiago ulertzen dute ezin ailegatuz ibiltzen garelarik zein den arrazoia». Eguneroko martxari dagokionez, «eskola ttikia izanik, ez gara gehienezko ratioetara ailegatzen eta ez ditugu unitate guztiak betetzen, eta hala ere, haurrei beharrezko arreta eskaini ahal izateko, ezinbertzekoa dugu zuzendaritzako lanak arratsaldez egitea, gure denbora librean, zuzeneko arretan bat gehiago izateko».

Ana Maeztu eta Jaione Aginagalde Lesakako haur eskolako hezitzaileak, haur eskolen duintasunaren aldeko kamiseta soinean.

Baztanen, berriz, «aise gusturago eta kalitate hobea emanez» ari direla dio Goñik. Hezitzaile gehiago dira orain. Ikasturte honetan 72 haur dituzte eta laguntza gisa hiru hezitzaile sartu dira. «Urtero haur eskola bete-betea izaten da eta itxaron zerrendan jende aunitz izaten da», gaineratu du. Gaur egun, «sei unitate ditugu, hiru espaziotan banatuta eta bakoitzean hiru hezitzaile daude, batzuk jardunaldi osoan eta bertzeak erdian». Goñik onartu du «kalitatea eta segurtasuna hobetu dela, baina laguntza gehiago» aldarrikatu du, gisa horretara, «proiektuak aitzinera ateratzeko eta kalitatezko zaintza egiteko». Gehiago ere erran du: «Gaur egun jaiotze tasa aunitz jautsi da, baina hala ere, gure haur eskola betetzen da. Aukera paregabea izanen litzateke ratioak jaisteko eta kalitatea bermatzeko, bai gure zikloan, baita 3-6 urtekoetan ere. Lehenbiziko sei urteak gure bizitzako garrantzitsuenak dira, gure nortasuna eta ibilbidea markatzen digutenak. Beraz, haurtzaroa zaindu dezagun denon artean, denon ardura baita».

Berako Mukixu Haur Eskolan, laguntzeko hezitzaile bat gehiago dute orain, lanaldi erdian hiru geletan aritzeko. 29 haur dituzte: «Berez hiru taldetan banatuak egon behar lukete, baina esperientziarekin ulertu dugu, haurren ongizatea bermatu ahal izateko, talde ttikietan egon behar dutela. Hortaz, zuzendaria hezitzaile bihurtzen da eta hiru talde izan beharrean, lautan banatuak ditugu. Zuzendaritza lanak lanordutik kanpo egiten ditugu. Lan gehiago da, baina haurrak eta gu lasaiago egoteari lehentasuna ematen diogu, hori baita denon ongizatea, eta hori dugu helburu».

Soldata igoera

Sinatutako bigarren puntua soldatak Nafarroako Gobernuko langileekin parekatzea izan zen eta Magalakoek esplikatu dutenez, «bi hilabetez greban egon ondotik, soldatak igotzea eta Nafarroako Gobernuko haur eskolekin parekatzea lortu genuen». 2023ko urtarrilean sartu zen igoera indarrean. «Orain arte gure soldatak arras baxuak ziren, baina borrokari esker duinagoak ditugula erraten ahal dugu», dio Goñik. Eta «prekarietatetik atera» direla gehitu du Arburuak. Hala ere, mesfidati daude. Maeztuk eta Aginagaldek aipatu dute «ez dela nahikoa»: «Soldaten igoera ez dute bermatu eta soldata berarekin egoten ahalko gara bertze 20 urtez». Horixe dute, Arburuak dioen bezala, kezka iturri: «Ez dakigu administrazioko soldatak bezala eguneratuko ote dituzten gureak».

Kudeaketa amankomuna

Akordioko hirugarren erronka Nafarroa osoan haur eskolen kudeaketa amankomuna lortzea da. Izan ere, denetariko kasuak daude. Goñik azaldu du: «Haur eskola batzuek kudeaketa zuzena dute, hau da, hezitzaileak udal langileak dira. Doneztebeko eta Leitzako haur eskolen kasua hori da. Badira kudeaketa zuzena ez dutenak, enpresa pribatuek eta gehienetan langileek sortutakoek kudeatuak. Berako eta Lesakako haur eskolak egoera horretan daude. Azkenik, enpresa publikoetan dauden haur eskolak ditugu, Baztangoa, erraterako». 

Batzuen eta bertzeen «baldintzak arras diferenteak» omen dira: «Adibidez, kudeaketa zuzena dutenek bertzeek baino baldintza hobeak dituzte». Eta Baztango kasua kontatu du: «Urteetan kudeaketa ez zuzena izan dugu eta enpresaz hiru langile arduratu gara. Ez da batere erraza horrela kudeatzea, baldintza arras txarrak baitira eta bakardade handia». Gaur egun, ordea, hobekiago daude: «Joan den ikasturtetik Lixura enpresa publikoarendako lan egiten dugu eta egoera aise lasaiagoa da, udalaren babesa sentitzen dugu». Hala ere, 0-3 Plataformaren eskariarekin bat eginez, «Nafarroa osoan kudeaketa amankomuna» eskatu du Goñik: «langile guztiek baldintza berdinak izateko».

Bi urteko haurrak non, eztabaida

Gimeno kontseilariak bi urteko haurrak 0-3 ziklotik atera eta eskola publikoetara eramateko asmoa paratu du mahai gainean. Lesakako Magala Haur Eskolan, neurri horrek ez luke eraginik izanen, dagoeneko bi urtekoak eskolan eta ikastolan matrikulatzen baitira. Baina ez dira horren aldekoak: «Beti pentsatu izan dugu bi urteko haurrak ez daudela prest 3-6 urtekoen eskola sisteman sartzeko eta haien beharrak ez direla 3-6 urteko haurren beharrak», azaldu dute Maeztuk eta Aginagaldek. «Lesakan haur eskola ireki behar zutenean, bi urtekoak haur eskolara etortzeko eskaera egin genuen, baina ez genuen lortu». 

«Erabat zentzugabea da bi urteko haurrak haur eskolatik ateratzea»

Anabel ARBURUA, Berako Mukixu Haur Eskola

Arburuari «erabat zentzugabea» iruditzen zaio neurria eta uste berekoa da Goñi: «erokeria izanen litzateke». Hiru eskoletako kideak bat datoz, «bertze eskolak hain ttikiak hartzeko ez daudela prestatuak» erraterakoan. Batetik, «0-3ko haurrek bertzelako behar fisiologikoak, emozionalak, erritmoak...» dituztela oroitarazi dute; «aunitzez ere mendekotasun handiagoa dute». Eta bertzetik, «espazioak eta antolaketa ez daude prestatuak haur horiei laguntzeko». Beraien irudiko, neurri horrek «Haur Hezkuntzako lehenbiziko zikloa erabat hautsiko luke eta oraingo armonia, goxotasuna eta kalitatezko zaintza galduko litzateke». 

Hezkuntza Departamentuaren asmo horren gibelean «bada arrazoi bat» Arburuarentzat: «Uste dut jaiotze tasa jausten ari dela eta eskoletan espazio libreak gelditzen ari direnaren aitzakia erabiliko dutela, bi urteko haurrak eskoletan sartzea justifikatzeko. Hala ere, berriz ere diot, zentzugabekeria bat dela. Irtenbide errazena izanen litzateke, baina arazo bat moldatu eta bertze bat sortuko litzateke, bi urteko haurren kalterako». 

Goñik ere garbi du «kalitatezko zaintza behar dutela, haientzat pentsatu eta diseinatuko espazio goxoetan». Eta egoera ikusita, Nafarroako Gobernuari eta udalei «benetako konpromisoa eta haurtzaroko lehenbiziko etapa honetan inbertitzeko» eskatu diete Magalakoek. «Modu horretan bakarrik ziurtatu ahal izanen dugu kalitatezko zaintza, haurren ongizate integrala bermatuko duena». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun