Bukatu da munduko sokatira txapelketa Helsingborgen (Suedia). Txapelketa historikoa izan da Lesakako Beti Gazterentzat, klub artean inoiz inork lortutako domina uzta handiena lortu baitzuen ortzegunean eta ortziralean: urrezko bortz domina eta zilarrezko bat. Asteburuan segida izan du txapelketak nazioarteko lehiarekin. Beti Gazteko tiralariek Basque Country ordezkatzeko aukera lortua zuten Euskal Herriko txapeldun izan baitzen kategoria guztietan. Beharbada klub artekoaren adineko distirarik gabe, baina nazioartekoan ere podiumera igo dira parte hartu duten lehiaketa guztietan. Txapelketako azken tiraldietan, gainera, iaz bezala, talde mistoarekin urrezko domina lortu zuten. Denera, urrezko eta zilarrezko domina bana eta brontzezko hiru lortu dituzte.
Larunbateko nazioarteko lehen jardunaldian, emakumeen 500 kiloko txapelketan ezin izan zuten finalean sartu. Txina Taipei suertatu zen txapeldun, Txina bigarren eta Euskal Herria hirugarren, brontzerako lehian Herbeherak menperatuta. Arratsaldean, berriz, 600 kiloko gizonezkoek finalean sartu ziren, baina nazioarteko txapelketa honetan arerio nagusi izan duten Txina Taipeik irabazi zien finala. Igande goizean emakumeak 540 kilokoan lehiatu ziren. Beti Gazteko tiralariekin batera, Ibarrako hiru neska aritu ziren eta hemen ere hirugarren izan ziren. Txinak irabazi zuen txapelketa eta Txina Taipei izan zen bigarren. Igande arratsaldeko azken txapelketak gizonezkoen 560 kilokoa eta mistoa izan ziren. Gizonezkoek ezin izan zuten pisu arineko finalean sartu, finalerdietan Txina Taipei taldearen kontra galduta. Hirugarren izan ziren, brontzerako lehian Zuraide eta Ñapurrak taldeko tiralariekin aritu zen Frantziako selekzioa menperatuta. Ipar Irlanda izan zen txapeldun eta Txina Taipei bigarren. Baina txapelketako azken tiraldiak txapelketa mistokoak izan ziren. Euskal Herriko selekzioak, gehien bat Beti Gazteko tiralariek osatua, finalera sartzea lortu zuen, Herbehereak menperatuta. Finalean, tiraldi guztiak nagusitasunez irabaziak zituen Txina Taipei zuten arerio, baina bi tiraldi gogor eta bikainen ondotik, munduko txapelketa irabaztea lortu zuen Euskal Herriko talde mistoak. Txina Taipei izan zen bigarren eta Txina hirugarren.
Euskal Herriko zortzikote mistoan Amaia Leiza, Lander Otermin (Ibarra), Ane Gurrutxaga, Galder Gobantes (Abadiño), Ainhoa Etxegarai, Ainhoa Ubiria, Eneko Saldias, eta Julen Palenzuela aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Mikel Apeztegia eta Karmele Pikabea laguntzaile zituztela.
Inoizko domina uztarik oparoenarekin Lesakara bueltan gaur
Joan den urteko mundialetik bederatzi dominekin bueltatu zen Beti Gazte. Klub artekoan bortz domina lortu zituzten (urrezko bat eta zilarrezko lau) eta nazioartekoan lau (urrezko bat, zilarrezko bi eta brontzezkoa). Errepika ezina zirudiena hobetu egin dute aurtengoan Suedian, batez ere klub artekoan lortutako sei dominekin (urrezko bortz, tartean emakumeek, talde mistoak eta 640 kiloko gizonezkoek lehen aldiz lortutakoak eta zilarrezko bat) eta nazioarteko txapelketako bortzekin (urrezko bat, zilarrezko bat eta brontzezko hiru). Denera hamaika domina lortu dituzte eta parte hartu duten txapelketa guztietan podiumera igotzea lortu dute Beti Gazteko neska-mutilek. Gaur bueltatuko dira Lesakara Suediatik Beti Gazteko tiralariak eta 13:30 aldera harrera eginen diete Plaza Zaharrean, inauterietako astelehen bete betean.