Hilabete bat baino gehiago itxita egon ondotik, ireki dute Berako liburutegia

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 8a, 17:00

Hilabete baino gehiago da Berako liburutegiko ateak itxiak egon direla. Gaurtik aitzinera, ordea, berriz ere irekia izanen da ohiko ordutegian; 14:00etan ireki eta 20:00ak arte. 

Berako Udalak jakinarazi du egoera horrekin arrunt kezkatua dagoela aspalditik, eta egindako saiakerek ez dutela fruiturik eman: «Hala ere, ez dugu amorerik ematen eta Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendari Nagusiarekin bilera egiteko eskaera egin dugu», nabarmendu dute.

Bertzeak bertze, hauek dira udalaren bi eskaera nagusiak: liburutegiaren funtzionamendu txukuna bermatzea, eta liburuzaina euskalduna izatea, «onartezina baita horrela ez izatea». 

Izan ere, udalak adierazi duenez, 2014ra arte liburuzain lanposturako derrigorrezkoa zen euskaraz jakitea, baina, geroztik ez da horrela. «Nafarroako Gobernuak egoera horri irtenbide bat eman behar dio, eta liburuzain euskalduna paratu».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun