Joan den urtarrilaren 10ean, Igantziko Udalak 1.399.747,00 euroko aurrekontua onartu zuen 2024. urterako. Hauek dira bere historiako aurrekonturik handienak. Oro har, azken urteetan egindako ildoari eusten zaio, eta ahalegin handia egin da berriz inbertsioen kapituluan. Zalantzarik gabe, hori da aurrekontuaren alderdirik azpimarragarriena, 703.200 eurokoa baita.
2022. urtearen bukaeratik, enpresa eraikitzailearen porrotaren ondorioz, geldituta segitzen duen Elizatea eraikinaren birmoldaketan esfortzu handiena eginen du udalak, 550.000 euro paratuta. Horretarako, udalak 112.000 euroko funts europarrak lortu ditu dagoeneko, eta bertze finantza- ekarpenak lortzeko lan egiten ari da.
Beti bezala, mendiko lanetan ere inbertituko da. Aurten, 57.000 euroko gastua aurreikusita, eta abeltzaintza-azpiegiturak hobetzeko 82.000 euro inbertituko dira.
Gainerakoa inbertsio txikietarako erabiliko da.
Langileen gastuetarako 265.150 euro erabiliko dira, eta gastu eta zerbitzu arruntetarako, berriz, 277.897 euro; bertzeak bertze, herriko bestetarako 25.000 euro.
Era berean, 131.495 euro transferentzia komunetarako erabiliko dira, hau da, Bortzirietako hiru mankomunitateak, Berdintasunerako bulegoa, UEMA, Cederna Garalur, Uraren Bailarak, etab.
Kapitulu honetan, Igantziko kultura eta gizarte eragileekin egindako lankidetza hitzarmenak ere sartu dira. Hitzarmen horiekin lanean ari gara aspalditik, eta 8.500 euroko dirulaguntzak aurreikusten dituzte.
Bukatzeko, 1.475 euro finantza-gastuetarako eta 20.530 euro zorra amortizatzeko erabiliko dira, Igantzin inoiz lortu ez den kopuru bat osatu arte.
Aurrekontua zehatzago ezagutu nahi duen nornahi harremanetan jar daiteke udalarekin ohiko bideak erabiliz, eta atsegin handiz emanen zaio informazioa.