Otsailaren 8an eta 9an, klub arteko txapelketa jokatuko da eta gaur goizean, gizonezkoen 680 kiloko txapelketa eta emakumeen 500 kiloko txapelketa jokatuko dituzte. Gizonezkoen pisu astunenean ez da ariko Beti Gazte, bai ordea emakumeen pisu arinean. 2020an brontzezko domina eta joan den urtean zilarrezko domina lortu zuten Lesakako emakumeek pisu honetan eta dagoeneko dominen lehia horretan hasiak dira, lehen aldiz urrea lortzeko borrokan. Ez dute lan erraza izanen, inoiz baino talde gehiago baitaude kategoria honetan lehian, hogei inguru.
Gaur arratsaldean, 13:30ean hasita, berriz, gizonezkoen 600 kiloko txapelketa jokatuko da eta hemen ere lehiatuko dira Beti Gazteko mutilak, hogei bat talderen artean.
Otsailaren 9an, ortzirale goizean, klub artekoan gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko dominak izanen dituzte jokoan. Ortzegun arratsaldean gizonezkoen 560 kiloko txapelketa eta txapelketa mistoa jokatuko dituzte. Lau kategoria hauetan lehiatuko da Beti Gazte.
Nazioartekoa larunbatean eta igandean
Otsailaren 10ean, larunbatean, nazio arteko txapelketa abiatuko da eta Euskal Herriko txapel guztiak irabaziak dituenez, Beti Gaztek izanen du Basque Country ordezkatzeko eskubidea kategoria denetan. Halere, gizonezkoak, pisu arinenetan bakarrik ariko dira, 560 eta 600 kilokoan. Emakumeak bi kategoriatan ariko dira eta txapelketa mistoan ere parte hartuko dute Beti Gazteko tiralariek Euskal Herria ordezkatuz. Klub artekoaren hurrenkera berean ariko direnez, larunbat goizean gizonezkoen 680 kiloko eta emakumeen 500 kiloko eta 23 urtez beheitiko txapelketa mistoa jokatuko dituzte. Arratsaldean, gizonezkoen 600 kilokoa eta juniorrak.
Otsailaren 11n, igandean, azkenik, goizean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelketak eta 23 urtez beheitiko mutilak eta neskak ariko dira eta igande arratsaldean, gizonezkoen 560 kiloko txapelketaz gain, txapelketa mistoa eta junior mistoa jokatuko dituzte.