JOSEBA ALDABE ETXEBERRIA

«Jokin Altunarekin partidaren bat jokatzea da nire ametsetako bat»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 3a, 10:00

Joseba Aldabe igantziarrak lehen urratsak eman ditu Enpresen Ligako profesionaletan, ASPErekin.

Joseba ALDABE ETXEBERRIA, Igantziko pilotari profesional berria

Afizionatutan eta Garfe enpresarekin eskarmentua pilatu ondotik, 27 urterekin Asperekin debuta egiteko aukera ailegatu zaio atzelari igantziarrari. Hasi berria bezain beteranoa dela erran daiteke

Joseba Aldabe Etxeberriak (Igantzin, 1996ko maiatzaren 19an jaioa) bi urteko kontratua sinatu du Aspe pilota enpresarekin eta abenduaren 8an egin zuen debuta Donostiako Atano III.a pilotalekuan. 27 urteko igantziarrak Dariorekin jokatu zuen estreinako partida hura, eta galdu egin zuen Zabala eta Erostarberen kontra. Geroztik, astero jokatu du partidaren bat eta garaipenak ere lortu ditu. Enpresen Ligako profesionalekin debuta egin arren, mantenimendu elektrikoan lanean segitzen du Iruñeko Arroyo Técnica Industrial SL enpresan eta bi lan horiek bateratzen segitu nahi du.

Zazpi bat urterekin hasi zen Aldabe pilotan herrian eta 12 urterekin Berara joan zen, 14rekin Doneztebeko Errekara eta 21ekin Iruñeko Oberena klubera. Garfe enpresan ere ibili da igantziarra. Urteotan hainbat garaipen eskuratu ditu eta horien artean nabarmentzekoa da iaz munduko txapeldun izan zela eta Josetxo Etxandi Lezoko torneoa ere irabazi zuela. 2021ean, berriz, Biharko Izarrak pilota txapelketan txapela jantzi zuen.

Abenduaren 8an debutatu zenuen… Nola gogoratzen duzu hain egun berezia?

Egun hagitz polita izan zen. Jende aunitz etorri zen partidua ikustera eta niri animatzera. Momentuan bertan ikusi ez nituen jende aunitz ere egon zen. Partidua ez zen nahi bezala atera baina sentsazioak ez ziren batere txarrak izan. Bai kantxan, baita ondoko argazki eta afaritan ere aunitz disfrutatu nuen.

Joseba Aldabe pilota astintzen bere debutaren egunean, abenduaren 8an Donostiako Atano III.ean.

 

27 urterekin debuta Asperekin… dagoeneko esku pilota uzteko asmotan zinela ere aipatu duzu…

Azken urtetan enpresek pilotari gazteagoak hartzeko joera zuten eta ez nuen esperantzarik nahiz eta jende aunitzek erran nik debutatuko nuela. Gainera, lan enpresaz aldatzeko intentzioa nuen, aunitz bidaiatzen den enpresa batera. Horrek, pilota bigarren plano batean uztea ekarriko zuen. Kontratu berria sinatu baino lehen deitu ninduten Aspetik, beraz, pilotan segitu eta ez nuen enpresaz aldatu azkenean.

 

«Pilota ia uztekotan nintzela deitu ninduen ASPEk»

Zure kasuan, hain heldua izanik debutatzeak, zer du ona eta zer du txarra?

Alde onen artean azpimarratuko nituzke urduri ez jartzea, partiduak nola jokatu ulertzea, akats gutxiago egitea… Alde txarrei erreparatuz, gehienbat gazteek duten freskotasun falta, profesionaletan egoteko urte gutxiago dituzula…

Debutean galdu, baina geroztik zenbait partida jokatu dituzu, batzuk irabazi ere… Espero zenuena topatu duzu?  Zein helburu jartzen dizkiozu zure buruari?

Debutean pilotaren abiadurak ezustean harrapatu ninduen eta ez nintzen kantxan ongi kolokatzen. Ez nuen ia denborarik izan haiekin entrenatzeko ere, dena hagitz azkar joan baitzen. Hala ere, aunitz entrenatzen ari naiz eta nik uste gero eta hobeki moldatzen naizela. Banekien afizionatu mailatik profesionaletara aldaketa handia egonen zela, baina nik uste nire beteranotasunak aunitz lagundu didala. Helburu bezala, partidu aunitz jokatu, ahalik eta gehien hobetu eta profesionaletan bi urte baino gehiago egotea da.

Enpresen Ligako Profesionaletan debutatu aitzinetik, ibilbide oparoa egin duzu afizionatutan eta Garfe enpresarekin ere… Zein txapelketa nabarmenduko zenituzke?

Nik uste txapelketarik garrantzitsuena eta zailena Espainiako txapelketa izan dela. Bertan afizionatu mailako pilotari onenak jokatzen dute eta txapelketa luzea denez maila ona eman behar da denbora luzez. Gainera, honi esker Munduko txapelketan egotea lortu genuen eta finala jokatu ez bagenuen ere, txapeldun suertatu ginen. Garfe enpresan ere jokatutako hiru binakako txapelketak irabazi nituen.

Zein ezaugarri ditu Joseba Aldabe pilotariak? Zer da daukazun onena eta zertan hobetu nahiko zenuke?

Nik uste pilotari gogorra naizela. Akats gutti egiten ditut eta defentsa lanetan ongi moldatzen naiz. Pilota mozten eta aireko jokoan ere ongi moldatzen naiz. Hobetu beharreko gauzen artean, atzera botatzeko mugimenduak ongi egitea da lan gehien ematen didana. Aunitzetan frontisean altura hartzea kostatzen zait eta horretan ari gara lanean.

Pilotarien artean, zein da zure idoloa edo ispilua eta zeinekin edo zeinen kontra jokatzea gustatuko litzaizuke?

Nire idoloa txikitatik Abel Barriola izan da eta bere antza izatea gustatuko litzaidake. Oso pilotaria zen eta berarekin identifikatua sentitzen naiz. Ez zait inporta noren kontra jokatu, baina Jokin Altunarekin partidu bat jokatzea da nire ametsetako bat.

«Nire idoloa Abel Barriola da eta bere antza izatea nahi nuke»

Txapelketa ofizialen batean sartzea gustatuko litzaizuke? Zerbait aipatu dizu enpresak?

Azken bi astetan Eskuzaren ordez jokatu dut Egiguren V.arekin Serie B-ko binakako txapelketan eta bi partiduak irabaztea lortu dut. Ez da obsesionatzen nauen zerbait. Partiduak astero izaten ari naiz eta hagitz kontent nago alde horretatik.

Astegunetan entrenatu eta zure lanarekin bateratu, asteburuetan partidak… Nola moldatzen zara? Asti libre sobera ez zaizu geldituko… Denbora librea zertan ematea gustatzen zaizu?

Entrenamendu fisikoak astelehen, asteazken eta ortzirale arratsaldetan izaten ditut eta egun horietan goizez lanera joaten naiz. Astearte eta ortzegunetan pilota entrenamenduak izaten ditut, normalki goizez, eta egun horietan ez naiz lanera joaten. Baina pilotan aritzea niretzat asti librea izatea bezala da. Aunitz disfrutatzen dut eta orain nire ofizioa bihurtu den arren, ez dut lantzat jotzen. Denbora librea lagunekin, ilobekin edo familian ematea gustatzen zait. Serieak ikusi edo ordenagailuan jostatzea, mendira joatea edo edozer gauza egitea ere bai.

Pilotaz aparte, gustuko duzu bertze kirolen bat? Edo gustuko bertze kirolariren bat?

Nik praktikatzeko, mahai tenisa aunitz gustatzen zait, padela eta frontenisa ere bai. Telebistan ikusteko tenisa aunitz gustatzen zait eta tenislarien artean Alcaraz, Djokovic eta Sinner dira nire ustez ikusgarrienak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun