Pascual Aldave konpositore lesakarra gogoan piano kontzertua izanen dute otsailaren 3an bere sorterrian

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 1a, 08:00

Pascual Aldave (Lesaka 1924-2013) izan zen XX. mendeko Nafarroako konpositore onenetako bat.

Iruñeko Kontserbatorioko eta Orfeoiko zuzendari eta XX. mendeko Nafarroako konpositore onenetakoa izan zen Pascual Aldave lesakarraren jaiotzaren mendeurrena gogoan piano kontzertua emanen du Gloria de Piante Vicin pianistak otsailaren 3an, 19:00etan Harriondoa kultur etxean. Sarrerak 8 eurotan salgai daude dagoeneko lesakako udalaren webgunean.

Gloria de Piante Vicin

Gloria De Piante Vicin piano-jotzaile italiarra bakarlari eta ganbera-musikari gisa aritu da Europan, Estatu Batuetan eta Ekialde Hurbilean. Kontzertu-areto ospetsuetan aritu da, hala nola Londresko Duke ‘s Hall, Parisko Ecole Normale Supérieure, Dallaseko Meyerson Music Center, Luganoko Radio della Svizzera italiarraren Auditoriuma, Erromako Palazzo Massimo, Sienako Chigi Aretoa eta Teherango Vahdat Aretoa. Berriki, Richard Straussen Burlesque jo du bakarlari gisara, Orchestra della Svizzera italiarrarekin eta kritikarien arabera, «piano-jotzaileak aretoa liluratu zuen literalki»; Orchestra Arcadiarekin Frederic Chopinen op. 21 2. Kontzertua eman du eta Musika Garaikidearen Nazioarteko Jaialdian eta Teherango (Iran) Vahdat Aretoan Tjeknavorian Jaialdian ere jo du pianoa.

Gloria De Piante Vicin piano-jotzaile italiar ezagunak eskainiko du kontzertua.

 

Eduard Dabrowskiren ‘Euskal Fantasia’ren mundu mailako estreinaldia

Larunbateko emanaldian, Aita Donostia eta Pascual Aldave konpositoreen orkestra eta opera errepertoriari buruz pianorako bederatzi parafrasi biltzen dituen Eduard Dabrowskiren ‘Euskal fantasia’ joko du Gloria de Piantek, baita Wolfang Amadeus Mozart, Hilario Olazaran de Estella, Juan Crisóstomo de Arriaga eta Claude Debussy konpositoreen bertze zenbait pieza ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun