Lesakako Hezkuntza Foroa osatu dute haurren parte-hartzea sustatzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 26a, 13:30

Haurren parte-hartzea sustatzea da Lesakako Hezkuntza Foroaren helburuetako bat.

Irain eskolako eta Tantirumairu ikastolako Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek inkesta bat erantzun dute eta orain helduen txanda izanen da

Lesakako udalak Oinherri egitasmoarekin batera, Lesakako Hezkuntza Foroa osatu du. Hainbat ideia landu nahi ditu mahai honek, baina hasierako hilabeteetan, jorratuko diren helburu nagusiak hauek izanen dira: Haur eta nerabeen parte hartzea sustatzea; adin txikiko herritarrek haien hitza helarazteko bideak ezartzea; herritar aktibo moduan bere espazioa aitortzea eta ematea; haurtzaroa eta nerabezaroa zaintzea eta haurren parte hartze-kontseilu bat herrian osatzea.

Hezkuntza foro honetan, Tantirumairu Ikastolako eta Irain Eskolako ordezkariez gain, Bortzirietako berdintasun teknikariak, Gizarte mankomunitateko teknikariak, Uxue Royo zinegotziak eta Ladis Satrustegi alkateak parte hartzen dute. Hala ere, aitzinera begira taldea zabalagoa izatea aurreikusten da, beste hainbat eragile bertara gonbidatuz.

Haurren parte-hartzea sustatzea

Foro honek duen helburu nagusietako bat haurren parte-hartzea sustatzea izanik, ikerketa lan bat abiatu du taldeak. Aurreko asteetan, herriko Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako haurrei eskola orduetan proiektuaren berri eman zitzaien, eta ondoren haien parte hartzeari buruzko inkesta bat erantzun zuten.

Orain helduen txanda da, eta bigarren inkesta herritarren artean zabalduko da, anonimoa izanen dena. Inkesta online erantzun ahal izanen da, eta honen bitartez haur eta nerabeen parte-hartzearen inguruan datuak bilduko dira. Inkesta erantzuteko azken eguna otsailaren 2a izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun