Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA]: Eolikoak: Erne, otsoa ardiz beztiturik!

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 25a, 07:00

Etxalarko Azkua Bizirik taldeko Jasone Mitxeltorena Ozkaritzek gutun hau bidali du TTIPI-TTAPAra. Trantsizio energetikoa, makroproiektu eolikoak... Hainbat gai mahai gainean paratu ditu eta «otsoa atzaparra luzatzeko prest» dagoela ere ohartarazi du, baita hau ere: «Makroproiektuen kontra, gure mendiak zaintzearen alde antolatu diren taldeei ez dagokie kutsaduraren arazoari aterabidea bilatzea».

'Transizio Energetikoa' delakoaren diskurtsoa aditzean ardien artean sartu nahi duen otsoa heldu zaigu gogora; istorioa pikorrez pikor mihaurtu dugu hemen, hausnarrerako gaia eman nahian:

1. Erantzukizuna herritarron gain jartzen dute: Kontsumitzaile garenez, baita kutsatzaile ere. ARDURATZEAZ solastatzen ahal gara, bakoitzak DAGOKIONA HARTZEAZ, eta hala, ezin aipatu gabe utzi orkesrta zuzentzen duen elite bat badela; bertzeak bertze, egun batetik bertzera biztanleria etxean konfinarazi eta kutsatze-isuriak % 5 jausteko boterea duena (datua eurek emana).

Herritarron gehiengoa menean duen mundu mailako sistemaz ari gara, mendez mende dirauen errepresio bortitzaren nahiz 'leunaren' bidez ezkontzen delarik (Caliban eta Sorgina, S. Federici).

Guk orkestra utzita ere, musikak jotzen segitzen du. Gure esku dago kontsumoaz arduratzea, energia eredu egokiak bilatzea… baina mundu mailan eraldatzeko adinako antolaketarik ez dugu.

2. Errudun sentiarazteak ondorioa izan dezake: Arazoarentzat planteatzen duten aterabidea baitezpada onartzea, herritarra horretara bulkatzea. «Helburu jakin batera bideratzeko norbaiten gain egiten den xantaia emozionala» erraten zaio horri. Hemen otsoari belarri punta agertu zaio…

Eta zein da aterabide hori? Diskurtsoan «kontsumoaren gutitzea», «elektrifikazioa» eta «kutsatzaileak ordezkatzea» erraten dute; baina praktikan, hori egin daitekeenik bermatu gabe, berriztagarrien eraikitzea baizik ez da abiatu: Europatik dirulaguntzak, lehengaiak eskuratzea errazteko lege berriak, inbertsore erraldoiak muturra sartzen, erabakimena Madrilen ardazten, ehunka proiekturen baimen eskaerak, argi berdea horietako aunitzentzat, «interes orokorraren» izenean prozesuak arintzen... eta herritarrok berriztagarriak onetsi eta asimilatzeko propaganda armada izugarria martxan. Hor ulertzen da aztergai dugun diskurtsoa.

Telebistako iragarkiek ia ez gaituzte harritzen, baina hurbileko lagunak kontu berarekin agertzean hatsik gabe gelditu gara. Atsekabetzen gaitu enpresa arrotzen proiektu erraldoiak gure ingurura heldu diren une berean herrikideak horien beharrezkotasunaz mintzatzeak. Ez da ardi larru hoberik!

3. Lehengo lepotik burua. Dinamika berberak segitzen du: denenak diren baliabideak enpresa haundien esku jartzea. Orduan, nola bat egin berriztagarrien hazkundearekin? Deshazkundea aldarrikatuz hazkundea bulkatu: Gaitza sendagaitzat saldu nahi badigute...

  • Herrialde pobretuetan ustiatzen segitzea errazteko 'Lehengai kritikoen' legedia onartu berri da.
  • «Ziklo osoa modu egokian egin» eta «energia herritarren esku utzi behar» omen da… Multinazionalez ari garela, haize ufada magikoak ukituta gertatuko da hori? 
  • Marra gorri guziak gainditu ditugula ados bagara, ekosistemak hondatzen segitzea onartu behar dugu? Halabeharrezko kalte gisa planteatzen dutenean belarri puntatik muturreraino ageri da otsoa!

4. «Lurrak bizi gaitu». Gure aitzinekoek zaindu dutelako gozatzen dugu inguru aberatsa, eta ondokoentzat ere hala egitea dagokigu guri. Jarrera hau mundua ulertzeko eta gizartea antolatzeko modu jakin baten baitan da, eta izaera hori aitortzen zaie herri lurrei (komunala): horien erabilera herriarentzako baliagarritasunak eta iraunkortasunak zehazten du.

Horren alde garenok «lurraldeari buruzko lotura afektibo eta emozional sakona» omen dugu. Bai, noski, baina ez hori bakarrik, gorputzez ere lurrari lotuak gara, bizi garenez! Edo hala diozuenok 'hidroponikoan' hazi eta bizi zarete?

Gisa horretako gutiespen adierazpenak egiterakoan otsoak bere hortz zorrotzak erakusten ditu. 

Lurra jada nahikoa eta sobera zulatu eta estali denez, eta hainbertze azpiegitura erabili gabe daudelarik, berriak ezartzekotan okupatutako eremu horiek lehenetsi behar direla diogu guk. Hori egitea «zaila dela» edo «eginda ere ez dela aski» badiozue, hala beharko duela erantzuten dugu.

Izan ere, diskurtsoak ez gaitu sobera konbentzitzen:

  • Ardiak eguneroko paisaian ditugunok zaila ikusten dugu horiek eguzki panelen azpian bazkatzea.
  • Nafarroan 30 urtez eraiki dira berriztagarriak, eta gehiago behar direla… Energia hornitzeaz ari gara edo etengabeko hazkundeaz? 
  • Gertatzen ahal denaz eta behar lukeenaz hainbertze daturekin, galdu egiten da esperientziak hemen agertutakoa: Berriztagarrien hein berean hazi direla kutsatzaileak (Castejongo Zentral Termikoa…).
  • Europako hegaztien iraganbide garrantzitsuan garela eta eolikoek migrazioa baldintzatzen dutela jakinda, nola ulertu behar da «txorien hiltzaile nagusiak katuak direla» erratea?

4. Eta orduan zer? Makroproiektuen kontra, gure mendiak zaintzearen alde antolatu diren taldeei ez dagokie kutsaduraren arazoari aterabidea bilatzea. 

Aldizkari honetan modu zabal eta osatuan eman da plataformen jarreraren berri, alkateenarekin batean, eta hor argi gelditu da guztiak kezkatzen dituela arazoak, baina baliabide berriztagarrien alde eta norabidea aldatzearekin ados dira. Onartzen ez dena oraingo modua da: herrientzat mehatxu denez, eta bakoitza dagokion eremua zaintzeaz arduratuz, gehienek interes arrotzen ekinbidea gelditzeko asmoa agertu dute.

Talde hauek kuestionatzen hasi diren orduko, otsoa atzaparra luzatzeko prest dagoela ageri da.  

Ederra litzake, behin proiektuak gelditzean, horiei erantzuteko ekimenek bertzelako eredu baten alde aitzinerat segitzea. Argi dugularik egungo eredu kapitalistatik urruntzea izanen dela «Biziaren bidea»: Merkatu logikatik at, tokian tokikoan eta jabetasuna arloz arlo berreskuratuz.

Agurtzeko, Malerreka Bizirik taldeari eskerrak eman nahi dizkiogu: Euren bidez azken berriak hartzeaz gainera, baita Iturengo bilkurarengatik ere; herri bizien alde Euskal Herri osoan eginahalean ari direnen bizipenak diskurtso guziak gainditzen baititu, hor bai, hor HATSA sakon hartu ahal izan genuen!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun