Ibarrarekin batera Unai Gaztelumendi, Kote Camacho Koteto, Eñaut Aiertzaguena eta Iñaki Martiarena Mattin komikigileen lanak ere biltzen ditu Hona bostekoa! lanak. Komikia aurkezteaz gain, erakusketa ere paratuko dute Beralandetan. Erakusketa hori otsailaren 2ra arte ikusteko aukera dago. Bertan, komikigileen sorkuntza-prozesua ikusten ahalko da, bertzeak bertze. Beran paratu ondotik, otsailaren 5etik 9ra Saran ikusteko aukera izanen da.
Aldaxka pozoituak izena du Aritz Ibarra Agirrezabal komikigileak landu duen lanak eta Lehen Mundu Gerla hartu du gaitzat sortzeko. Hau da komikiaren sinopsia: 2014ko azaroaren 11 da, Lehen Mundu Gerraren armistizioaren urteurrena. Urtero bezala, Urruñan gerla hau oroitarazten duen monumentuaren pena bildu dira zenbait herritar. Frontean hil ziren soldadu haien patriotismoa eta balentziak goraipatu dituzte bertan. Gauean, baina, iluntasunak kaleak estali dituenean, oroitarriko pertsonaiak bizia hartu eta gertatutakoaz mintzatzen hasiko dira, orain arte itzaletan izan diren bizipenak argitara ateraz.
Herriz herri lanak erakusten
Komikigintzaz gain, literatura, antzerkigintza eta zinemagintza lantzeko bekak ere eman zituen Udalbiltzak iaz. Lan guztiak aurkeztuak dituzte dagoeneko, eta aurkezpen bira ere hasia dute.
Berak, Lesakak, Sarak eta Leitzak hartu dute parte bekaren bigarren edizioa, eta herri horietan hainbat sorkuntza lan ikusteko aukera izanen da. Otsailaren 17an, Antzerki Aroak eta Ttipia konpainiak Olagarrua lana emanen dute Beran; otsailaren 25ean Lesakan eta martxoaren 9an Saran Eukalyptus lana taularatuko du Jon Ander Urresti Antzerkigileak eta ekainaren 9an, Eraitsi S.L lana emanen du Goitibera konpainiak Leitzan.
Komikigintzari dagokionez, Berako aurkezpenaz gain, Unai Gaztelumendik bere lana aurkeztuko du martxoaren 15ean Leitzan.