Zentral eolikoak eskualdean

Arantza Bizirik taldeak batzarra eginen du ortzirale honetan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 24a, 07:00

Joan den irailean Azkura egindako mendi martxaren aitzinetik, aranztarrak plazan bildu ziren.

Arantzako lurretan egin nahi duten Azkua izeneko makroproiektu eolikoen kontra, lanean segitzen du Arantza Bizirik taldeak, eta zer egina badela iritzita, hamabortzean behin bilduko dela jakinarazi du. Hurrengo batzarra, ortzirale honetan, ilbeltzaren 26an, eginen du. Horrekin batera, banderolak ere atera ditu eta herritarrei etxeko balkoietan eta leihoetan paratzeko deia egin die, «gure mendiak bizirik eta Arantza Bizirik nahi dugula aldarrikatzeko».

Batzarra ortziralean, 18:30ean, Ekaitza Elkartean eginen dute. Hitzordu horretan Arantza bizirik leloarekin eta makroproiektu eolikoen kontrako irudiarekin atera dituzten banderola horiak erosteko aukera ere izanen da. Bortz eurotan paratu dituzte saltzeko, eta ondoko egunetan, herriko denda eta ostatuetan ere saltzen paratzeko asmoa dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun