Zelena Renovables enpresak Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantzako lurretan egin nahi du Azkua proiektua, eta herri guztietan sortu da makroproiektuaren kontrako mugimendua. Azkua Bizirik taldeak jakinarazi duenez, «proiektuak eragiten dituen herriak elkartu eta Nafarroako Gobernura idazteko asmoa dugu, informazio guzia eskatu bidenabar gure desadostasuna adierazteko».
Aldi berean, herritar guziei «erne egoteko» deia egin diete, baita «antolatzen ditugun ekimenak segituz gure mendiak zaintzeko mugimenduari bulkada emateko» ere.
Ondoko asteetan etxeetan paratzeko banderolak aterako dituzte Etxalarren, «Azkua bizirik nahi dugula agertuko dutenak; zenbat eta etxe gehiagotan agertu, orduan eta gehiago adituko da gure aldarria. Kultur Etxean eta Herriko Okindegian eskuratu ahal izanen dira». Arantzan ere banderolak egin dituzte eta ondoko egunetan paratuko dituzte saltzeko.