Egia da Endara auzoko ospakizunak indarra galdu duela pandemiaz geroztik. Azken bi urteetan auzoko bi jatetxeek ez dituzte ateak irekitzen San Anton ondoko igandean eta horrek eragina du. Ez da lehengo jendetzarik biltzen, baina oraindik bada Bortzirietatik eta Gipuzkoa aldetik hurbiltzen direnak. Postu bakanen artean, Beti Gazte elkartearen ibilaldi arautuaren helmuga hartzen duen txosna ere bertan paratu zuten eta parte-hartzaileen denborak neurtzeaz gain, hauentzat eta nahi zuen guztiarentzat pintxoak eta edariak ere banatu zituzten. San Anton baselizan mezak ere izan zituzten.