Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 18an ospatuko dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 22a, 07:00

Lesaka UEMAko kide egin zen ekitaldia, 2020. urtean.

Antolaketa lanetan hasteko bilera eginen dute urtarrilaren 23an, asteartean 18:00etan udaletxeko pleno aretoan

 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Lesakako Udalak elkarlanean antolatuta, Udalerri Euskaldunen Eguna izango da datorren maiatzaren 18an, Lesakan. Gaur egun 107 udalek osatzen dute UEMA, guztien artean 342.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatuz. Bi urtetik behin, berriz, UEMAko kide diren udalen eta gainerako udalerri euskaldunen bilgune izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, hainbat ekitaldirekin eta festa giroko egitarauarekin. Aurten Lesakan eginen dute eta hori antolatzen hasteko bilera deitu dute urtarrilaren 23an, asteartean 18;00etan Lesakako udaletxeko pleno aretoan.

Lesakako udalak jakinarazi duenez, «azken batean, udalerri euskaldunetan euskaraz bizi garela gogoratzeko, ospatzeko eta elkarren berri izateko eguna izaten da». Lesakako Udalak eta UEMAk gaiaren inguruko lehen bilera egin orduko, agerian gelditu da eguna benetan herrikoia eta arrakastatsua izan dadin ezinbertzekoa izanen dela antolaketa eta egitaraua herriko ahalik eta eragile gehienen artean lantzea eta adostea.

Horretarako, bilera irekia eginen da datorren urtarrilaren 23an, asteartean 18:00etan, Lesakako udaletxeko pleno aretoan. Herriko taldeak, eragileak eta euskaltzaleak daude deituta, «eta zu ere gure artean izatea nahiko genuke» adierazi du Lesakako udala. UEMAko ordezkariek sarrera gisa bi hitz eginen dituzte, labur, Udalerri Euskaldunen Eguna zer den eta zergatik antolatzen den azaltzeko, eta ondoren, guztion artean, egitarauaren eta antolaketaren ingurukoak zehazten hasi nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun