Haizea Txoperena Conde

«Lesakako Rallysprinta berezia da niretzat»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 20a, 08:00

Argazkia: Peli AVM

Ttikitatik afizio duen motorzaletasunaz mintzatu zaigu Haizea Txoperena kopilotu lesakarra

Nola definituko zenuke zeure burua?

Kuriositate handiko pertsona, hagitz mugitua eta esperientzia berriak probatzea gustatzen zaion abenturazalea.

Zein dira zure zaletasunak?

Motorraren munduarekin zerikusia duen edozer gauza, gehienbat rallyak. Bidaiatzea ere ikaragarri gustatzen zait, baita mendira joatea eta irakurtzea ere.

Nondik heldu zaizu motorrekiko zaletasuna?

Ttikitan anaiak moto-kroseko motoa zuen, eta zirkuituetara ibiltzera joaten ginen. Horrek nire jakin-mina piztu zuen. Urte batzuk beranduago, aitarekin Lesakako Rallysprinta ikustera joan nintzen aldi pare batez, eta aunitz disfrutatu nuen.

Noiz hasi zinen rallyekin?

2019ko uztailean izan zen nire lehenbiziko lasterketa eta, nola ez, etxekoa izan beharra zuen: Lesakako XVI. Rallysprinta. Momentu horretan nire bikotea zena igoeretan ateratzen zen, eta rallyetara saltoa eman behar zuenean berarekin kopilotu ateratzea eskaini zidan eta animatu nintzen.

Zein da kopilotuaren lana?

Lasterketan zehar pilotuari bidea nolakoa den errateaz gain, frogarekin zerikusia duen informazio guztia jakiteaz arduratzen gara, baita bete beharreko ordutegiak betetzen ditugula ziurtatzeaz ere.

Ziharka Sport taldeko kide zara. Zein proba antolatzen dituzue?

Lesakako Rallysprinta eta Slaloma, eta Ibardingo Igoera.

Gustukoen duzun proba?

Bat aukeratzekotan, Lesakako Rallysprinta aukeratuko nuke, beti izanen da berezia niretzat. Ingurukoetan, Malerrekako Rallya ere gustuko dut, hagitz konpletoa da.

Eta autorik gustukoena?

Galdera zaila… ezinen nuke bat aukeratu, desberdinak probatzea da dibertigarriena.

Motorzaletasun haundia ikusten duzu eskualdean?

Bai, beti egon da zaletasun haundia, baina azkeneko urteetan haunditu egin dela erranen nuke, Nafarroako txapelketako lasterketa aunitz gure eskualdean egiten direlako.

Zure asmoak epe motzera?

Automobilismoan, hurrengo urtean lur gaineko Focus kopan parte hartuko dut. Pertsonalki, bizitza disfrutatzen segitzea.

Eta epe luzera?

Asfalto gaineko txapelketa oso bat burutzea, eta ahal den guztia bidaiatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun