Proiektuan parte hartu nahi dutenek aurrekonpromiso bat agertu behar dute, baina ez da loteslea izanen. Ortziralea izanen da hori egiteko azken eguna eta bi dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte: argindarraren azkeneko faktura (fakturaren orri guztiak bidali behar dira) eta argindar-kontratuaren titularraren nortasun agiriaren kopia bi aldeetatik. Hori egiteko bi bide daude: info@bixtubera.eus helbide elektronikora bidaltzea, edo bixtubera.eus helbidearen bidez egitea.
Lehendabiziko instalazioa Toki Ona kiroldegiko teilatuan paratuko dute. Erdia herriko etxeak eginen du eta bertze erdia BixtuBerak egitea da asmoa. 50 bat partikularrentzako balio dezake instalazioak, eta lehendabiziko estimazioen arabera, inbertsioan parte hartzen dutenen argindar kontsumoaren %30 estaltzea da asmoa guti goiti-beheiti.
Eskatutako dokumentazioarekin datu zehatzagoak ateratzeko aukera izanen dute, bai proiektuan parte hartzen duen bakoitzak egin beharko lukeen inbertsioarena, horren amortizazio epearena eta baita dirutan fakturan izango lukeen aurrezpenaren hurbilketa bat ere.
Hala ere, banaz bertzeko kontsumoak aztertuta, 1.100 euro inguruko inbertsio bat aurreikusten dute pertsonako, 6-7 urteko epean amortizatuko litzatekeena, eta argindarraren fakturan urteko 180 euro inguruko aurrezpena izanen lukeena.
Proiektuaren informazio gehiago behar izanez gero, bixtubera.eus webgunean edo info@bixtubera.eus helbidera mezu bat bidalita lortu daiteke.