SEULA enpresak bilduko du errefus hondakina eta materia organikoa Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 17a, 10:00

Mankomunitateak erosi duen bi kamioi berrietako bat, hiru ardatzekoa.

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak 267.080 eurotan esleitu dio zerbitzua eta bi kamioi berri ere erosi ditu 395.916,10 eurotan.

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak Servicios Urbanos de Limpieza y Acondicionamiento, SL (SEULA) enpresari esleitu dio errefus hondakina (edukiontzi berdea) eta materia organikoa (edukiontzi marroia) biltzeko zerbitzua, urtean 267.080 eurotan (BEZa barne). Kontratuak bi urteko iraupena izanen du hasieran, eta urtebeterako luzatu ahal izanen da, gehienez bortz urte arte.

Beraz, kontratu osoa betez gero, Mankomunitatearen gastua 1.335.400,00 eurokoa izanen litzateke bortz urtean bi zerbitzu horietarako.

Errefusa astean lau egunetan biltzen da Beran eta Lesakan, eta hiru egunetan Arantzan, Etxalarren eta Igantzin. Zerbitzu horiek indartu egiten dira udan, herriko bestetan, ekitaldi berezietan eta, orokorrean, zerbitzuak hala eskatzen duenean.

Bertzalde, materia organikoa astean hiru egunetan biltzen da urte osoan. Gainera, zerbitzu honen barrenean sartzen da industrialdeetan etxeko hondakinekin pareka daitezkeen hondakinak biltzea, hau da, errefusa, materia organikoa eta ontzi arinak.

Zerbitzu horiek emateko, lau langile (hiru gidari eta peoi bat) eta atzeko kargako bi kamioi ditu mankomunitateak; bat hiru ardatzeko eta bertzea bikoa. Gutxienez ordezkapen-kamioi bat ere badago, bietako batek matxuraren bat duenerako.

Bi kamioi berri

Hondakinak biltzeko kamioien batez bertzeko bizitza 10-12 urtekoa da, eta gaur egungo kamioiak 2011n eta 2013an erosi ziren. Beraz, Mankomunitateak bi kamioi berri erosi berri ditu, 192.866,18 eta 203.049,92 eurotan (BEZa barne).

Hiru ardatzeko kamioia errefusa biltzeko baino ez da erabiltzen, eta bi ardatzeko kamioia bi hondakin moten artean txandakatzen da, eta astean bi egunetan errefusa biltzen du, eta astean hiru egunetan materia organikoa.

Bi ardatzeko kamioi berria.

Mankomunitateak bi diru laguntza eskatu ditu kamioi horiek erosteko, Nafarroako Hondakinen Funtsari eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planari. Baina ez dago inolako diru laguntzarik hondakinak nahasiak biltzeko, errefusa. Beraz, materia organikoaren zati proportzionalerako baino ez da jaso, eta guztira 120.000 euro inguru izanen dela kalkulatzen da.

Errefusa murriztea

Bortzirietan gaur egun biltzen diren hondakinen ia erdia errefusarekin nahastuta daude, baina ez luke guztizkoaren % 5-10 baino gehiago izan behar.

Zati horrek, beraz, diru eta ahalegin handia eskatzen dio Mankomunitateari, eta bai zerbitzua bai inbertsioak tasekin ordaindu behar dira oso-osorik. Gainera, nahastuta bildutako hondakin gehienak ezin dira bereizi birziklatzeko, beraz, ingurumenari dagokionez ere arazo aunitz sortzen ditu.

Horregatik, Mankomunitateak urte aunitz daramatza neurriak hartzen eta kanpainak egiten jendea kontzientziatzeko hondakinak bereiztearen eta errefusa gutxitzearen garrantziaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun