4,88 milioi euroko udal aurrekontua onartu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 16a, 17:00

Albistur karrikako urbanizazio lanekin herri sarrerari merezi duen zabalera emanen zaio, saneamendua, euri urak eta ur zikinen hoditeria aldatzeaz gain.

2023ko abenduaren 28ko osoko bilkuran onartu ditu 2024ko udal-aurrekontuak Lesakako Udalak, EH Bilduren aldeko botoekin eta Geroa Bairen kontrakoekin. Joan den urtekoa baino 1,13 milioi euro handiagoa da eta Albistur karrikako urbanizazio lanak eta Alkaiagako saneamenduaren bigarren fasea izanen dira inbertsiorik handienak.

Guztira 4.884.331,44 euroko aurrekontua izanen du, iaz baino 1.132.253,80 euro gehiago. Aurrekontuaren igoera nagusia Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntzengatik izan da, aurten eginen diren obra garrantzitsu batzuk gauzatu ahal izateko.

Inbertsioak

Honako hauek izanen dira inbertsio nagusiak:

  • Albistur karrikako urbanizazio lanak: 728.442,86 euro. Modu honetan, Lesakako beheko auzoentzako mugikortasuna hobetu eta herriko sarrerari merezi duen zabalera emateaz gain, karrika horretako saneamendua, euri urak eta ur zikinen hoditeria aldatuko da. Lan hauek egin ahal izateko, Nafarroako Gobernuaren laguntza lortu du udalak (608.064 euro).
  • Alkaiagako saneamenduaren bigarren fasea 315.005,81 euro. Auzo horretako saneamendu sistema ezarriko da azkenean, auzotarrei ezinbertzekoa den zerbitzua eskainiz. Hemen ere, Nafarroako Gobernuaren laguntza lortu da (210.128,51 euro).
  • Argiteria publikoaren aldaketa: 265.492,15 euro. Energia berriztagarriak eta efizientzia energetikoen alorrean, azken 4 urteetan eginiko apustu estrategikoarekin segituz eta eguzki panelen bi instalazio martxan jarri ondoren eta herriko argiteriaren zati baten aldaketa modu positiboan baloratu eta gero 2024rako inbertsio garrantzitsua aurreikusi da. Gastu honetarako IDAEn dirulaguntza hartuko da (224.550,98 euro).
  • Udal kiroldegian kafetegi bat egitea ere aurreikusi du udalak. Aurreikusitako gastua 157.007,50 eurokoa da, eta gastu hori egin ahal izateko 70.000 euroko dirulaguntza lortzea aurreikusi dute.

Aitzineko urtean hasitako proiektuei jarraikortasuna emateko asmoz, hainbat gunetan hobekuntzak burutzeko inbertsioak eginen ditu udalak:

  • Alondegia eraikinaren bideragarritasun azterlana eta proiektua egiteko, 17.545 euro.
  • Irain eskolako jostalekua berritzea, 40.000 euro.

Mendietan, azken urteetako ildoa jarraituz landaketak lehenetsiko dira (bertako espezieen % 50a bermatuz), eta abeltzainentzako azpiegiturak eginez. Behean aipatutako bi puntu nagusiez gain, auzo bideak egokitzen jarraitzea aurreikusten da eta bide bazterren garbiketa sistematizatuko da:

  • Landaketak, sasitze garbiketak eta bideen konponketak: 202.972,93 euro
  • Abeltzaintzarako azpiegiturak eta auzo bideak moldatzea: 58.932,99 euro.

Bi kasu hauetan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza aurreikusi da. Landaketen kasuan, azken urteetan bezala, bertze entitateekin hitzarmenak lortzen segituko du Lesakako Udalak.

Lesaka haur eta nerabeentzako herri atseginagoa bihurtzeko pausoak ematen segitzeko, 1.500 euroko aurrekontua onartu da. Diru hau, Oinherri Herri Hezitzaileen elkartearekin elkarlanean erabiliko da eta Lesakan sortu berri den Hezkuntza Foroa dinamizatzeko.

Hortaz gain, gazteekin elkarlanean, adin horretako parte hartzea sustatu nahi da, eta horretarako 10.000 euroko partida bat sortu du udalak. Dirulaguntza bat ere lortzea espero da, 4.500 eurokoa hain zuzen ere.

Herri ondarea nahiz zerbitzuak herritarren esku jartzeko, eta udalaren funtzionamendua hobetzeko inbertsio batzuk aurreikusi dira.

  • Frontoiko sarrera eta aldagelak berritzea: 40.000 euro. Gastu hau ordaintzeko, EH Bilduk Nafarroako Gobernuko aurrekontutan lortutako partida erabiliko da.
  • Herritarren arretarako egokiago egiteko, herriko etxean ere hainbat inbertsio egin nahi ditu udalak (17.027,61).

Aurreko urtean iragarritako saihesbidearen kasuan, proiektuaren erredakzioarekin ari da Nafarroako Gobernua, eta datozen bi urteetan eginen dituzte obrak. Lan horiek finantzatzeko 500.000 euro lortu ditu EH Bilduk Espainiako aurrekontuetan, proiektua aztertu eta idazteko.

Horrekin batera, lotune horren exekuzioa egiteko, bertze 3.750.000 euro bideratuko ditu Espainiako Gobernuak.

Inbertsioei aurre egiteko nahitaezkoak dira diru-laguntzak, eta Gobernuko departamentu ezberdinekin bilerak burutzen ari da udala herrian dauden gabeziak asetzeko beharrezko dirulaguntzak lortzeko.

 

Funtzionamendu gastuak

Funtzionamendu gastuei dagokionez, iazko partida gehientsuenak mantenduko dira, eta exekuzioa kontuan hartuta batzuk handitu eta bertzeak ttikituko dira. Kultura eta besta programaziorako diru gehiago bideratu da. Hala, 55.000 euro bideratuko dira kultura programaziorako, eta 100.000 euro sanferminetarako. Gainera, kultura taldeei 38.500 euro banatu zaizkie dirulaguntzetan, eta kirol entitateei 24.000. Andra Mari Zaharren Egoitzan 45.000 euro, Magala Haur Eskolan 145.067 euro eta Musika Eskolan 162.615 euro inbertituko ditu udalak.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatera 106.000 euro, Bortzirietako Gizarte Mankomunitatera 101.758 euro eta Berdintasun Zerbitzura 32.435 euro bideratuko dira. Cederna Garalur garapen agentziara ia 30.000 euro bideratuko dira.

Hauek dira 2024ko aurrekontuen ardatz nagusiak, herriak dituen baliabideak ahalik eta era egokienean baliatzeko saiakera bat dira, zorrak konprometitutako 197.479 euroak eta krisiaren ondorioz pairatzen dugun prezio igoerak baldintzatutako aurrekontuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun