Jende aunitz bildu da Berako Mendi Egunaren bueltako ekitaldietan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 15a, 15:00

Bertze urte batez Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegi mendizaleak oroitu dituzte Beran asteburuan. Larunbatean bete ziren 17 urte Taillon mendian hil zirela. Agerra Mendi Taldeak eta Manttale Mendi Lasterketa Taldeak egitarau oparoa prestatu dute mendizaleak oroitzeko asmoz antolatzen duten Mendi Egunerako, eta aurten ortziralean hasita egin dituzte ekitaldiak. Denera 130 lagun baino gehiago elkartu dira bi egunetan.

Ortzirale arratsaldean herriko Kultur Etxea goraino bete zen Nepaldala GKE goberuz kanpoko erakundeak aurkeztu zuen izen bereko dokumentalaren emanaldirako. Emanaldiko sarreren bidez lortutako 1.000 euroak Nepaldala elkarteari bideratu zizkioten Nepalen neskatoen bizitza hobetzeko lanetarako.

Aurkezpenean izan ziren dokumentalaren egile Asier Requejo eta elkarteko kide diren Aitziber Alaza eta Olatz Lasa eta beraiekin solasteko aukera izan zuten bertaratuek. Gainera, egun horretan GKEaren hirugarren kideak, Miren Berozek (Nepalen bizi da), Nepalgo ikasleekin batera grabatutako bideoa bidali zuen eta aretoan proiektatu zen.  

Emanaldiaren ondotik, Kultur Etxean salgai jarritako produktueki esker, diru gehiago  biltzea lortu zuen GKEak. Bertzalde, Manttalek taldearen kamisetak eman zizkion elkarteari Nepalera bideratzeko.

Larunbatean izan zuten segida ekitaldiek. Goizean, herrigunetik abiatuta 8. mugara joan ziren lehendik, handik Manttalera, eta ondotik Ibardinen barna Berara itzuli ziren.

Arratsaldean 41 bikote eta hirukote elkartu ziren Santa Barbarako kronoigoera egiteko. Horren aitzinetik, ibilbidea osatzeko mendi itzulia antolatu zuten eta 30 mendizale elkartu ziren. Tenore berean egin zuten haurrentzako lasterketa ere.

Lasterketaren ondotik merienda izan zen parte hartzaile denentzat eta hainbat opari zozketatu zituzten.

Eguna borobiltzeko Mundua arnastu nahian ikus entzunezkoa aurkeztu zuen Aitor Igiñitz abenturazaleak. 16 urtez munduari itzulia eman zion Igiñitzek bizikletaz, denera 124.000 kilometro osatu arte. Unai Ugartemendia kazetariak gidatu zuen Igiñitzen solasaldia. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun