Patxi Zabaletak solasaldia eskainiko du ilbeltzaren 12an Igantzin

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 9a, 19:00

Patxi Zabaleta 2020an Iruñean, bere liburuetako baten aurkezpenean. Argazkia: Xabier Letona (Argia)

Patxi Zabaleta historialari leitzarraren solasaldia izanen dute ilbeltzaren 12an, ortziralean 19:30ean hasita, Igantziko Biltoki elkartean. Orreaga-Roncesvalles 778-824 izenburupean emanen du hitzaldia Zabaletak.

Orreagako guda hura baskoien erresumaren sorreraren sinboloa izan zela dio Zabaletak. «Historia ez da soilik herri bakoitzaren iragana, baizik baita bere gaur egungo izaeraren ezaugarrietako bat ere», dio.

Historiako aro bakoitzak bere esanahi propioak izaten ditu eta Euskal Herriaren kasuan, «VII. Eta VIII mendeetako historiak badu mezu berezia, garai hartan sortu baitzen euskal erakunde nagusia izandako Iruineko erresuma eta, aldi bertsuan, Waskoniako dukerria (Gaskuña)», dio Zabaletak. Gerora Nafarroa deitu zuen Iruineko erresuma «ez zen errekonkistaren ondorioz edo eraginez eraiki, horren froga nagusia Orreagako gudualdia da».

Baina euskaldunez ez zuten mende horietako beren historia idatzi, «ez euskaraz, edo behintzat ez da gureganaino heldu. Horregatik, besteek idatzitako historiatik bilatu behar da euskal iraganaren lekukotasuna».

Zorionez, Patxi Zabaletaren ustez, «gero eta historialari, ikertzaile eta oroimenaren inguruan azterketa egiten duten mugimendu zuhur eta zintzo gehiago dugu euskaldungoan, nahiz eta beti saiatu izan diren eta saiatzen diren euskal historia zipriztintzen eta desitxuratzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun