XVII. Mendi Eguna eginen dute Beran larunbatean

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 10a, 09:00

Iazko lasterketan parte hartu zuten lasterkarietako bi Santa Barbarara bidean.

Manttale Mendi Lasterketa Taldeak eta Agerra Mendi Taldeak Mendi Eguna antolatu dute XVII. aldiz eta larunbatean, urtarrilaren 13an, ospatuko dute Beran.

Aurten bezperan hasiko dituzte ekitaldiak, ortziralean, hilaren 12an Nepaldala dokumentala ikusteko aukera izanen baita 19:30ean Kultur Etxean. Nepaldala dokumentalak hezkuntza-programa bati esker etorkizun hobea bilatzen duten Nepaleko haurren eta nerabeen testigantzak  biltzen ditu.

Nepaldala GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeak Nepalen egiten duela lana erakusten du Asier Requejok zuzendutako filmak. Miren Berozek, Aitziber Alzak eta Olatz Lasak osatzen dute Nepaldala eta 2018az gerotik, egoera ahulean dauden Nepalgo neskak laguntzen dituzte. Haurrak eta nerabeak dira guztiak,  Nepalgo Bajhang eremukoak, eta hezkuntza sisteman sartzeko zailtasunak izateaz gain, haurren lanaren, ezkontza goiztiarraren eta giza trafikoaren menpe daude.

GKEko hainbat kide eta dokumentalaren egilea bera aurkezpenean egonen dira. Sarreren bidez lortzen den dirua (5 euro pertsonako) Nepaldala elkarteari emanen zaio, eta gainera, Nepalen egindako hainbat eskulan paratuko dituzte salgai Kultur Etxean.

Mendia protagonista larunbatean

Larunbatean izanen da egun handia. 09:30ean mendi irteera izanen da eta gehienez 3 orduko itzulia osatuko dute. Arratsaldean izanen dute segida ekitaldiek, 14:15ean, lasterketarako izen ematea eta dortsalen banaketa hasiko baitute Ricardo Baroja eskolako aterpean. 15:00etan, oinezkoentzako ibilaldi gidatua hasiko da Santa Barbarara, eta 15 minutu beranduago, 15:15ean Manttaleko Atletismo eskolako ikasleen lasterketa izanen da. 

Ondotik, 15:30ean hasiko da  helduen lasterketa. Bikoteka ariko dira lehiakideak, erlojuaren kontra eta Santa Barbarako kaskora joan-etorria egin beharko dute. Eguna borobiltzeko, 18:00etan merienda eta oparien zozketa izanen dira parte-hartzaileentzat eta 19:00etan Aitor Igiñitzen Mundua arnastu nahian ikus entzunezkoa ikusteko aukera izanen da Kultur Etxean. 

Unai Ugartemendia kazetariaren eskutik aurkeztuko du Igiñitzek duela 16 urtetik bizikletaz egiten ari den itzulia.

Kronoigoerarako eta mendi irteerarako izen emateak egunean bertan egiteaz gain, manttaldetaldea@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz egin daitezke, eta baita Pikabera harategian eta Purienea dendan ere.

Sarrerak erreserbatzeko aukera

Ortziralerako dokumentalerako eta larunbateko ikus-entzunezkorako sarrerak erreserbatzeko aukera paratu dute aurten. Horretarako, mezu bat bidali behar da 670 47012 00 zenbakira eskatzailearen izena, sarrera kopurua eta zein egunetarako diren adieraziz. Horrez gain, egunean berean ere sarrerak erosteko aukera izanen da. Ortziraleko sarrerak 5 euroko prezioa du eta dena zuzenean emanen diote Nepaldala elkarteari, eta larunbateko emanaldiak, aldiz, 3 eurokoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun