Lesakarekin harremana duten ikasketa bukaerako lanentzako beka deialdia aurkeztu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 4a, 16:00

Nerea Ordoki iazko sariduna, Ladis Satrustegi alkatearekin batera iazko proiektuaren aurkezpena.

Lesakako Udalak Lesaka ikergai duten 2023-2024 ikasturteko gradu eta master bukaerako lanak egiteko diru laguntza emanen du aurten ere. Aurkeztutako lanen artean, bi aukeratuko dituzte eta bakoitzari 500 euroko saria emanen diote. Euskarazko proiektuak bakarrik aurkeztu daitezke.

Azken urteetan bezala, aurten ere Lesaka ikergai duten ikasketa bukaerako lanak saritzeko asmoa du udalak. Horretarako deialdia irekia du dagoeneko eta urtarrilaren 30a izanen da horretarako azken eguna.

Parte hartzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte: Lesakan erroldatuta egotea, eta 2023-2024 ikasturtean ikasketetako azken kurtsoan matrikulatuta egotea.

Eskaria egitean, eginen duten proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztu beharko dute, gehienez ere lau orrikoa. Bertan helburuak, proiektua edo gaia garatzeko izan duten motibazioa, lanaren metodologia, informazio iturriak, oinarrizko biografia... zehaztu daitezke. Memoriak, gradu edo master amaierako lanaren tutorearen ongi ikusi beharko du.

Laguntza jasotzen dutenek urtebeteko epea izanen dute lana aurkezteko eta Lesakako Udalarekin herritarren aitzinean egindako proiektu edo lana solasaldi batean aurkeztuko dute.

Deialdiaren inguruko informazio gehiago eta oinarriak hemen aurkitu daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun