Arantzan, Igantzin eta Lesakan ere errege kabalkadak eginen dituzte bihar

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 4a, 12:30

Pandemia tarteko erregeen opari banaketa frontoian egiten hasi ziren Arantzan. Baina aurten berriz elizan eginen dute.

Eskualdeko bertze herri batzuetan bezala, Arantzan, Igantzin eta Lesakan ere errege kabalkadak eginen dituzte bihar arratsaldean, ilbeltzaren 5ean.

Arantzara 18:45 aldera ailegatuko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak eta euren laguntzaileak, herriko trikitilariak aitzinean dituztela. Herritarrek herri sarreran harrera eginen diete eta handik elizara joanen dira. Elizan opariak banatuko dizkiete haurrei.

Igantziko kasuan, berriz, gaur pajeak haurrek idatzitako eskutitzak eske hurbilduko dira. 18:30 aldera egin dute arkupeetan hitzordua, eta hiru errege magoak bihar agertuko dira. 18:30ean herriko iturrian barna ailegatuko dira eta herrian buelta eman ondotik, elizan eginen diete harrera.

Lesakan ere errege kabalkada eginen dute. 16:30ean pajeek eskutitzak bilduko dituzte Plaza Zaharrean eta 17:00etan hiru errege magoak zahar etxera joanen dira. Horren ondotik, 18:00etan hasiko da kabalkada. Euria egiten badu, ordea, 18:30ean frontoian bilduko dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun